Mina, lotsa eta euskaldunon eskubideak zapalduak. Hiru hitz horietan borobildu daiteke lehengo ostegunean Altsasuko kaleetan bertako euskaldunok sentitu genuena. "Vuelta Ciclista a Navarra" etapa bukaera eta hasiera Altsasun. Altsasuarrok eta oro har sakandarrok, txirrindularitzarako dugun zaletasuna argi erakutsi genuen beste behin ere, gure herrietako errepideetan; zalantza izpirik ez, etapa bukaera eta hasiera arrakastatsuak izanen zirela alde horretatik. Zalantzak aldiz, beste bide batzuetatik datoz."Eskerrik asko" eta "Altsasuko Udala" hitzak izan ziren mikrofonoetatik euskaraz entzun ziren hitz bakarrak, bi hitz eta bakarrak. Podiumean, besteak beste, hainbat txirrindulari euskaldun ikusi genituen, hainbat babesle euskaldun, baita Altsasuko Udaleko kultura eta kirol zinegotzia ere (bera euskalduna ere). Baina hala eta guztiz ere, mikrofonoetatik spikerra gazteleraz jo ta fuego. Helmuga jendez gainezka, helduak eta umeak, azken hauen artean, asko eta asko, gehienak ez esateagatik, D ereduan matrikulatuta. Hori da hori argazki ederra Altsasun ikusi behar izan genuena. Batzuek ahaleginak egiten ditugu Altsasun ahal den neurrian euskaraz bizi gaitezen eta dirudienez beste batzuek, halako ekitaldiak antolatzen eta bultzatzen ardura handiagoa dutenek, ez diote horrelako ekintzei gehiegi erreparatzen. Noren huts egitea izan da spikerra erdalduna izatea? Ez al du Sakanako Mankomunitateak diru laguntza ematen spiker euskaldunak kontratatu daitezen? Zertarako balio du hainbeste plangintza eta hainbeste hitz polit txostenetan biltzeak, egunerokotasunean horrela jokatzen badugu?