Goi goiko politika gertuko bidaide izan dute Joko Olinpiko modernoek ia hasieratik, eta aurtengoan Txinako kasuan ere honelatsu beharko zuen. Beijingeko jokoek halako homolagazio politikoa ekarri behar zioten Herri Errepublikari. Baina hara non goiko mendian elurrik ez eta Tibeteko afera gori-gorian bai, eta errekaldean urak nahiko uher. Ondorioz, zuzi olinpikoaren Korrika mundiala uste baino mikatzagoa gertatu da eta agenda politikoaren lehen orrira ekarri du Tibet.Historian zehar konkistak eta okupazio militarrak halako gizalegezko motibazio batez ederturik egiten ziren: kultura, erlijioa, ongizatea, zibilizazioa ekartzen zizkieten mendean harturiko herriei, eta buruzpide honek ezker eskuin zeharkatu du pentsamendu politikoa gaur egun arte. Honen erakusgarri ezkertiar batzuen irizpena Tibeteko auziaren karietara: Tibet jendarte atzeratua zen, feudala, kasta budistek zapaldua, bazterkerian oinarritua, eskubiderik bat ere gabea. Eta halaxe zen halaxe zenez. Horiek horrela Txinako armada etorri eta berdintasuna, justizia etab. ekarri omen zizkieten. Baina Txina ere azken mendeotan inbaditua izan da, Japoniak esate baterako bere egin zuen Txinako zati bat, eta horra 1895an Fukuzawa Yukichik eman zuen arrazoi bikaina: "Txinar-Japoniar gudua zibilizatze gudua da, aurrez aurre zibilazioa (Japonia) basatiaren (Txina) kontra". Japoniak ekin zion inbaditzeari. Txinan eta Korean gauzaturiko sarraski eta mota guztietako zitalkeriez oraindik orain gogoratzen dira Ekialde Urrunean.