Balda jaunak gutun iraingarria argitaratu du hainbat komunikabidetan. Gutunean, gezurrak eta akusazio faltsu bezain larriak egozten dizkigu, bai gure taldekide Maider Goñiri, bai Sakanako Nafarroa Bairi ere. Susmo okerrak zabaltzeko ahalegin horren bidez, gure taldekidearen izena zikintzen ahalegintzeaz gainera, Mankomunitatearen beraren organoei ere kalte egiten die Balda jaunak. Bidenabar, etikaz ere lezioak eman nahi izan dizkigu, hamaika ikusteko! Jaurtitako akusazioei erantzuna doa lerrootan.Maider Goñi euskara teknikari da lanbidez, orain arte Leitzaldeko euskara zerbitzuan, eta aurretik, Sakanako Mankomunitatean bertan ere, aritu zelarik. NaBairen zerrenda buru aurkeztu zen atzen hauteskundeetan Etxarrin, eta hauteskundeak irabazi zituen Nafarroa Baik, Sakanan aurkeztu ahal izan zen herri guztietan gertatu bezala. Egun, bere lana egiteaz gainera, alkate funtzioak betetzen ditu bere herrian; bekatu larria nonbait.Mankomunitateko euskara zerbitzuan, ez hirugarrena, baizik eta laugarren teknikaria hartzeko proposamena ez zuen Maiderrek egin, Irurtzungo alkateak baizik. Proposamen hori Mankomunitateko Batzar Orokorrak onartu zuen, eta batzar hartan EAE-ANVko ordezkariek zerbitzua indartzeko beharrarekin bat zetozela adierazi zuten, gainera.Areago, baliabide nahikorik ez dugulako eta Nafar Gobernuak oso laguntza urria ematen digulako, bestela, bosgarren teknikaria ere proposatuko genuen, horretarako beharra egon badagoelako.Baldak huts egin du horretan ere, teknikarien lan poltsa osatzeko izan baita burututako deialdia; proba guztiak gainditu dituztenek osatu dute lan poltsa, eta bertatik hartu dira lanpostu hutsak (eszedentzia biak eta lanpostu berria), aldi baterako beteko dituzten teknikariak.Maider Goñi da Euskara Zerbitzuko buru, lanari lotutako eskarmenturik zabalena berak zuelako, eta puntuaziorik hoberena lortu zuelako proba guztiak bukatuta, alde nabarmenarekin gainera. Non dago arazoa? Edonola ere, oso kontent geratu ginen beste izangaiek erakutsitako mailarekin ere.Gezurra da, era berean, Maiderrek politikagintza profesio bihurtu duenik. Izan ere, euskara teknikari zen lehenago eta euskara teknikari da orain ere lanbidez, bistakoa den bezala. Faboritismo-entxufismoaz edo, are larriagoa dena, tongoaz, Balda jaunak egindako akusazioak, inongo oinarririk ez izateaz gainera, onartezinak dira. Inoren izen ona zikintzen ahalegindu aurretik, informazio zuzena eskuratzen ahalegindu behar zuen. Horretarako, nahikoa zuen epaimahaikide izan direnetako edonori galdetzea. Horietako edonork esango zion prozesua arauzkoa, gardena eta garbia izan dela, hasi eta buka, publikoki eta idatziz berretsi duten bezala. Izan ere, lanpoltsa osatzeko jarraitutako prozeduraz inork inongo zalantzarik eduki ez zezan, ahalik eta epaimahairik gaituena eta anitzena osatzen ahalegindu ginen; hala, bertako kide izan dira Mankomunitateko gerentea eta idazkaria, presidentea eta Euskara Batzordeko burua, UEMAko teknikari bat, eta ENAIko beste teknikari bat. Etika politikoaz aritu zaigu gainetik, Balda. Guk geuk, Maiderren etika politikoaz zalantzarik ez dugu, Balda jaunarenaz bai, ordea. Adibidez, gutun horretan erakutsi duen jokabidearengatik, besteak beste. Oso lasai gaude jarraitutako prozeduraren zuzentasunari dagokionez, eta batez ere, harro gaude Balda jaunaren etika politikoa ez, oso bestelakoa praktikatzen dugulako.