Joan den maiatzaren 27an urtea bete zen azken udal hauteskundeak izan zirenetik. Ehunka pertsonen botoa jaso arren Bakaiku, Etxarri eta Ziordiko EAE-ANVko hamaika ordezkariak ezin izan dute oraindik beraien udaletxeetan dagozkien aulkietan eseri. Egoera honen aurka hitzez agertzen direnek ere ez dute hau konpontzeko ezer egin.Ez dugu ez dagokigun ezer eskatzen, baina ozenki aldarrikatu eta exijitzen dugu ehunka herritarren bozak errespetatuak izan daitezen. Horretarako hainbat proposamen zehatz egin ditugu. Bakaiku, Etxarri eta Ziordiko Udalek eskubideen urraketa larri hau salatu behar dute eta hitz eman behar dute instituzio gisa herritarren eskubideen aldeko jarrera irmoa hartuko dutela. Aldi berean 5/1985 LOREG legearen 182 artikuluak jasotzen duen formula aplikatzearen alde agertu behar dira, horren bitartez EAE-ANVko ordezkariak zinegotzi izendatzeko. Demokraziaren alde badaude, hitzekin soilik ez, ekintzekin erakutsi behar dute.Hurrengo ekainaren 8an, igandea, urtebeteko apartheid politikoa salatzeko eta herritarren hitza errespetatzeko eskatzeko manifestazioa deitu dugu arratsaldeko 8etan Etxarriko plazan.