SAKANAN DEMOKRAZIA ZERO. IGANDEAN DENOK ETXARRIRA!

Jose Ignacio Flores, Olatz Irizar, Pello Gastaminza, Egoitz Urritza, Eneko Larrañaga eta Izaskun Kintana 2008ko eka. 6a, 00:00

Urte bat pasa da gure herrietan hauteskundeak burutu zirela. Urte bat beraz, gaur egun ditugun udaletxeak sortu zirenetik. Ziordian, Bakaikun eta Etxarrin gure zerrendak ilegalizatu zituen estatu espainiarrak. Ilegalizazioari aurre eginez 723 herritarrek eman ziguten babesa hiru herrietan. Hamaika zinegotzi lortu genituen: bost Etxarrin, eta hiru Bakaikun eta Ziordian.Estatu faxista izan da egoera honen arduradun nagusia. Bera izan da gure zerrendak legez kanpo utzi dituena. Baina, NaBai da egoeraz aprobetxatu eta estatuaren gerra estrategia kudeatzen ari dena Sakanan. NaBai koalizioa da hiru herrietan udaleko kudeatzailea. Bi aukera izan dute gaur arte: lehenengoa, estatuaren gerra estrategia baztertu eta herritarren borondatea errespetatzea, edota bigarrena, gerra estrategia legitimatu eta herritarren borondatea baztertzea.Zoritxarrez, bigarren bidea aukeratu du NaBai-k. Hainbat aukera izan ditu, eta gaur egun oraindik ditu, gure herrietako udaletan herritarren borondatea bermatzeko. Egoera ez-demokratiko honi amaiera emateko bidea badago. 182.2 artikulua aplikatzen badute, EAE-ANVko hautetsiok eskubide guztiak bermatuak izango ditugu. Artikulu honen bidez, partiduen legea gainditu eta aukera edukiko genuke EAE-ANVko hautetsiak udaletan legalki egoteko. Baina, artikuluaren aplikazioa NaBairen eskuetan dago eta ez du erabiltzeko borondaterik.Gainera, 723 herritarren eskubideak zapalduak dirauten bitartean, NaBaiko buruzagien estrategia gezurren bidez gizartea nahastea da, horretarako hainbat gezur erabiliz: beraien eskubide berberak ditugula diote eta Partiduen legearen ondorioak arintzen saiatzen omen dira. Hori da bere diskurtso ustela, baina ekintzak beste zerbait diote; beraiek dira Sakanan gaur egun 11 ahulki huts egotearen arduradunak. Bakaikun, Ziordian eta Etxarrin beraiek dira partiduen legearen aplikatzaileak. Honengatik guztiarengatik, igande honetan Etxarrin 20:00etan burutuko den manifestaziora deitzen ditugu Sakandarrak. Herriak erabakitakoa defendatzera eta bizi dugun egoera ez-demokratikoa salatzera deitzen ditugu herritarrak.