Eguraldi onarekin batera, herrietako jaiak eta Santuen ospakizunak gerturatzen dira hainbat eta hainbat herritan, eta Sakanan ere horrela da.Ospakizun horietako askotan, udalek erromeriak edo auzateak eskaintzen dizkiote herriari. Bertan gaztak, txorizoak eta ardoak, besteak beste, protagonismo handia hartzen dute, baita jende artean onarpen maila handia ere.Gero eta gehiago dira horrelako ospakizunetan ardoak zuen toki aparteko hori alde batera utzi eta alkoholik gabeko edariei tokia egin diotenak; hala ere, oraindik badira ospakizunak edateko soilik ardoa eskaintzen dutenak.Bakoitzak bere bizitzan, bere etxean, bere buruarekin, nahi duena egiteko askatasuna ez dugu zalantzan jartzen; baina eredu garen heinean, guztientzako aukerak bermatu behar ditugu. Hau da, alkohola edan ezin duenari edo edan nahi ez duenari ere zerbait edateko aukera eman behar zaiola uste dugu.Aukera bakarra edo askotariko aukerak ematen ditugunean, konturatu gabe, gure ingurukoentzat eredu izaten ari gara, gure haur eta gazteentzat gehienbat. Hori irakaspen garrantzitsua da gure gaurko gizartean, jasotzen ditugun zeharkako mezuek pertsonarengan izugarrizko eragina baitute, eta pertsonaren eta nortasunaren sendotzean behin betiko eragina dute.Horrelako ohiturak galdu ezin direla pentsatzeaz gain, mantendu eta sendotu behar direla uste dugu, baina horrelakoetan ere gure betiko irizpide eta ideiak nabarmendu behar direla pentsatzen dugu, besteentzako eredu izatearekin batera.Udalei zuzendu garen arren, pertsona guztientzat baliagarria den ideia garrantzitsu batez mintzatu gara oraingoan. Idatzi labur honekin, gai honen inguruan hausnarketa egiteko proposamena luzatu nahi dugu. Gauzak bat-batean aldatu ezin direla jabe izanik, bakoitzak bere esparruan ahal duena egitera gonbitea luzatzen dugu: herri bazkariak edo afariak antolatzen dituztenei, erromeria edota auzateetako antolatzaileei, garagardo azokak, edota beste ospakizunen atzean dauden guztiei... bakoitza urrats txiki bat ematera gonbidatzen dugu. Horrela pixkanaka gauzak aldatzea posible izango delako.