Irainak eta gezurrak? Kritika eta balorazio politikoak. Ez zaizuela batere gustatu? Guri ere ez zuen jarrera eta portaera politikoak. Horretan oinarritzen dira gure kritika eta balorazioak, hain zuzen ere.Gure kritikarekin mehatxatuta sentitzen omen zarete, Ezker Abertzalearen etsai izendatu omen zaituztegu...Txo! Herri hau ito eta ukatzeko, konstituzioa eskuan duela biolentziaren erabilera historiko, etengabe, mugagabe eta anitza duena da herri honen etsaia. Eta beraz Ezker Abertzalearena. NaBai Nafarroan, PNV Vascongadetan bezala, Euskal Herriaren ukazioan bere "politika" oinarritzen duen indar horrekin akordioetara iristeko arrastaka zabiltzaten indarrak zarete. Eta hor kokatzen da gure kritika politikoaren oinarrietako bat. Euskal Herria buruan eta gogoan beharrean, ezarritako boterearen kudeaketa duzuelako lehentasun, bide horretan salbuespen egoera ankerrena irentsi behar baldin baduzue ere. Zuek gure arerio politikoak zarete.Nor da zuen etsaia?Indarrez inposatutako legedi antidemokratiko espainiarra txistik esan gabeko onarpenean oinarritzen da gure kritika politikoaren beste zutabe bat. Sakanan gure 11 eserleku hutsik mantentzen dituzue Etxarri, Bakaiku eta Ziordian. Bai, zuek horrela nahi duzuelako. 182.2 artikulua aplikatuz gero "zuen listak hustu (¿) eta ateratako zinegotziak Espainiako epaileen erabileraren menpe geldituko liratekeela" diozue. Momentuz, hemen Sakanan, zuek zarete alderdien legearen exekutoreak. Espainiako epaileek nahi dituzten sarraskiak egiteko beldur gutxi! zuek bezalako subditu leial eta isilak dituzten bitartean. Gu ez gaude horretarako prest. Gu ez gara subditu leialak, eta larrutik ordaintzen dugu. Gustatu edo ez, zuek zarete gure aulkiak hutsik mantentzen dituzuenak herri borondatearen gainetik. Eta gutxi balitz, gure lana zailtzeko asmoz neurri zehatzak hartu dituzuenak: plenoak astez goizeko 8etan jarriz, taldeari dagozkion gelak kenduz edo ukatuz, hautetsiei hitza plenoetan ukatuz, dagozkigun subentzioetaz...zer esan? Zuek "ilegalak" garela tragatu eta logika horretan jokatzen duzue. Partiduen legea ez duzuela onartzen, eta zer egiteko prest zaudete?Gure kritikaren hirugarren ardatza erakundeen kudeaketari dagokio. Ez gatoz bat erabaki, modu eta jokaera askorekin eta kitto!. Ez gatoz bat lan eta beharren plangintzarik aurkeztu gabe Mankomunitateko Lehendakaria den Miguel Angel Zubiria liberatzearekin, ez gatoz bat euskara zerbitzuan emandako araudi aldaketekin, (are gehiago euskalgintza dabiltzan ia talde denen aurkako jarrera ikusita), ez gatoz bat kontrol politikoa ziurtatzeko eta etika politiko eskasa erakutsiz NaBaiko Etxarriko alkatea, Maider Goñi, zerbitzu buru eta bertako langile izatearekin, ez gatoz bat nahiz eta "legea" goitik behera bete. Non bizi gara? Legedia betetzeak noiztik bermatzen du garbitasuna, portaera etikoa edo justizia? Espainiar inperioan legedia eta zuzenbidea, ia inoiz ez dira uztartzen. Edo zuen ustez bai?Gure eguneroko lana Euskal Herria egunez egun egitearena da. Horretarako ez diogu etsaiari baimenik eskatzen, eskubideak ez direlako eztabaidagai. Euskal Herria garatzeko proposamen politiko eta proiektuak dira eztabaidagai, ez gure herriaren nazio izaera edo bertako herritarron erabakitzeko eskubidea. Hau da NaBai eta Ezker Abertzalearen arteko ezberdintasun sakonena eta praktika politiko ezberdinen oinarri.Herriaren eraikuntzan zerbait aportatzeko, auzolanean aritzeko prest dagoen ororekin elkartzen gara egunero eta edonon, bidea markatuta dago, zehaztu dezagun, egin dezagun. Guk horretan inbertitu ditugu indarrak, eta hoberenak, aurki, giltzapean ditu etsaiak, eta ahaztuak gure arerio politikoak. Gora gu ta gutarrak!.