Joan den asteko Guaixen Eneida Carreñok salatu zuen Nafarroako txirrindulari itzuliaren etapan ez zela euskaraz egin megafoniatik. Arrazoi guztia dauka akats hori azpimarratzean. Autokritika egin behar dugu neurri batean, ez genielako antolatzaileei gogorarazi esatari euskalduna jarri behar zutela gure herrian, baina joan den urtean esatari euskalduna ekarri zuten ezkero eta zinegotzi honek antolatzaileekin harremana ere euskaraz izan zuen ezkero, konbentzituta geunden kontutan hartuko zutela euskararen erabilera. Horregatik ez genien ezer aipatu. Baina kale! Eta bai, guk ere kolpea hartu genuen aurkezpen osoa gaztelaniaz zela ikusi genuenean. Euskalgintzan lanean ibili garenontzako oso mingarriak dira horrelako gertaerak. Ez dugu aitzakiarik jarriko, baina horrelakoak gertatzetik inor ez dago salbu. Egin behar dena da neurriak hartu hurrengoan gauza bera ez gertatzeko, horregatik harremanetan jarri gara lasterketako antolatzaileekin gure kexa adierazteko eta hurrengoan gauzak behar bezala egiteko eskatzeko.Hala ere, pozgarria da altsasuarrak horrelako kontuekin kezkatuta daudela ikustea; ea denon artean gure herrian euskara gehiago entzutea lortzen dugun.