EAE-ANVko zinegotzi talde batek Estatuaren "gerra estrategia" aprobetxatzea eta kudeatzea leporatu dio Nafarroa Bairi. Errealitateari izkin egitea eta abstrakzioa oinarri hartuz bizitzea libre da, baina ingurukoei bakea emanaz ahal dela.Gerra estrategia darabilela estatuak? Baliteke. Estatu espainiarra ez da guretzat eredu. Baina gerra estrategian murgilduta dabilkeen bakarra ez da estatua. Beste batzuk ibili ohi dira "Gerra nahi baduzue, izango duzue" eta gisa horretako erronka antzu bezain negargarrietan, eta gerra garaietan erabiltzen den komunikazio politika erabiltzen dute, aniztasunerako eta askatasunerako eskubideak ukatuz beste guztiei, euren aginduetara makurtzen ez direnak etsaien artean edo etsaien laguntzaileen artean kokatuz eta seinalatuz.Argi izan dezazuela: Nafarroa Bai ez zen, ez batzuen ez besteen morroi izateko sortu.Nafarroa Bai ez da zinegotzi ilegalizatuen egoeraren errudun. Areago, Estatuak inposatutako legediak aukera ematen zion Nafarroa Bairi ilegalizatutako zerrendei egokituko zitzaizion eserlekuak hartzeko, eta uko egin dio aukera horri Nabaik.Nabaik bere zerrendak Espainiako legearen bidez deuseztu eta EAE-ANVko ordezkariak Espainiako legearen bidez izendatzeko exijitzen digute orain. Zertarako eta biharamunean epaile espainiarrek izendapen horiek legez kontrakotzat jo eta indargabetzeko, eta seguruenik jarraian Nabairen kontra ere jotzeko, horrela udalak hankaz gora jarriz eta aukeran Estatuaren menpekoe esku uzteko.Zer irabaziko luke herriak horrekin? Irtenbiderik gabeko egoerak nori egingo lioke mesede?Nafarroa Baik ez du inor kriminalizatu. Areago, ez du inor seinalatu, ez du inoren kontrako sinatu gabeko kartelik jarri, ez du inor iraindu eta ez du inori zuzendutako akusazio faltsurik zabaldu.Herritar guztientzako eskubide guztiak defendatzea da Nafarroa Bairen xedea. Etxarrin, Ziordin edo Bakaikun, baita Sakanako beste herri batzuetan ere, herritar askok arazoak izan dituzte iritzi politikoa adierazteko garaian, eta ez Estatuaren aldetik prezeski. Oraindik ere horrela da, Batasunaren inguruko pertsona batzuen erasoak, presioak, irainak eta abar direla kausa. Herritar askorentzat ez da ondorio txarrik gabeko adierazpen askatasunik izan. Noizko herritar guztientzako adierazpen askatasuna? Herria herritarrek osatzen dute, kolore askotako herritarrek, batzuek guztiak kolore bakarrekoak nahi lituzketen arren. Gerra ez da gure bidea. Beste batzuk dira gerra eta indarkeria sustatzen dutenak, estrategia kaltegarrian.Osasuna eta bakea.