Azkeneko albisteak ikusita, Zangituko industrialdea martxan jartzeko asmoak aurrera darraiela dirudi. Milioi bat metro karratu beteko lituzkeen industrialdea eraiki nahi du Nafarroako Gobernuak Urdiain eta Altsasu artean, ibaiaren bi aldeetan. Egitasmo horrek sortu litzakeen ingurune eraginek eta ondare historikoaren gaineko eraginek proiektua bere horretan gauzatzea zalantzan jartzeko nahikoa liratekeela uste dut. Baina hori horrela izanik ere, industrialde mota horren beste ondorio batzuei buruz hitz egin nahi nuke hemen.Gogoan hartu beharrekoa da industrialde horren kudeaketa arduraduna Nafarroako Gobernua izanen litzatekeela, eta ez Altsasu edo Urdiaingo Udalak. Eta hortaz, industrialde horretan kokatuko liratekeen enpresen inguruko kontrola ere Iruñean egonen litzateke. Nafarroako Gobernuaren esku geldituko litzateke, adibidez, Arabako lautada aldean sortu duten logistika gune erraldoi horren antzeko bat sortzea, edota inguru horretan jarri nahi zuten hondakinen tratamendu plantaren antzeko bat ezartzea. Eta Nafarroako Gobernuak eskualde honekiko izan duen jarrera ikusita, ez zait iruditzen baikorregiak izan gaitezkeenik.Baina gainera, Nafarroako Gobernuak Eskualdeko Industrialde izaera aitortzen dio proiektuari, gainontzeko udalen onespenik gabe. Horrek eskualdeko gainontzeko herrietako industrialde proiektuak baldintzatuko lituzke, diru-laguntzei dagokienez behinik behin. Eta berriz ere Nafarroako Gobernuaren esku geldituko litzateke zein herriri mesede egin eta zeini kalte egin erabakitzea.Hala eta guztiz ere, gainontzeko Udalak oraindik garaiz dabiltzala iruditzen zait. Bada denbora oraindik Nafarroako Gobernuari presio egin eta eskualdeko industrialdeen gaineko kudeaketa ahalmena berreskuratzeko. Altsasuk eta Urdiainek ere euren industrialdea izateko eskubidea dute, baina euren udalerrietatik kudeatuta. Eta industrialde horiek ez lituzkete gainontzeko herrietako proiektuak baldintzatu behar. Sakanako gainontzeko udaletako ordezkariak garaiz dabiltza oraindik; batu eta eskualdeko herri guztien interesak defendatzeko erabakia hartuz gero behintzat bai.