Irainak eta gezurrak, kritika eta balorazioetatik desberdintzen badakigu. Besteri akusazio faltsuak leporatzea, liskar bila dabiltzanen ohitura da.EAE-ANVko ordezkariok Nabairi indarkeriaren erabilera egoztea ere... larrua behar da!Nafarroa Baik ez du sekula biolentzia erabili. Beste indar batzuekin akordioetara heltzeko saiakerak egin dituela? noski; guztiekin horretarako baldintzarik egonez gero; gaitasuna eta borondatea badugulako. Ez dirudi Sakanako EAEren kasua hori denik. Baina ez dugu irensten ez estatuak, ez ETAk inposatutako salbuespen egoerarik. Besterik da egoera horiei ematen diegun erantzuna gustuko duzuen ala ez; hori kritika dezakezue, noski, baina irainik eta akusazio faltsurik zabaldu gabe ahal dela.Alderdien legedi antidemokratikoa salatu dugu behin eta berriz; salatu beharra dago era berean, Batasunaren inguruko zenbait jenderen presioen ondorioz, hainbat herritan ez direla beste aukera politiko batzuk udal hauteskundeetara aurkeztera ausartzen izan. Hori izan da Etxarrin, Bakaikun edo Ziordin aurreko legegintzaldian gertatu zena, adibidez; eta beharbada horregatik, herri horietan Nabai aurkeztu ahal izan denean, herritarrik gehienek zerrenda horri eman diote bozka. Sakanako zenbait herritan bederen, Estatuak ezarritakoaz gain bada beste ilegalizazio mota bat ere, isilagoa, ilunagoa, baina ondorio berdintsuak edo larriagoak dituena.182.2 artikulu "mirakulutsua" aplikatzeko exijitzen diguzue, jakinik biharamunean epaileek erabakia indargabetuko luketela, udalak hankaz gora jarriz. Bestela, zergatik ez duzue aplikatu formula mirakulutsua "legezko" zerrendak dituzuen udaletan? Alderdien legearen exekutore zarete zuek ere, ala? Egoera honek herritar euskaltzale eta abertzale guztioi egiten digu kalte. Zeuok duzue zuen burua, eta bide batez herri hau, sartu duzuen zulotik ateratzeko giltza, eta badakizue nola jokatu horretarako. Hori egiten ez duzuen artean, etxekalte ari zarete. Lehenik eta behin, askotan aldarrikatzen duzuena egin dezakezue, herriari galdetu. Prest zaudete horretarako? Hobe zenukete dakizuen horiei behingoz gelditzeko ozen esatea, dena izorratu besterik ez dute egiten eta.Kontrol politikoaz eta etikaz leporatu dizkiguzuen horietan ere, erabat oker zaudete. Euskara zerbitzua osatzeko jarraitutako prozeduraren gardentasuna eta egokitasunaren lekuko eragile asko eta askotarikoak izan dira, zorionez. Zeuok ere ongi dakizue hala izan dela. Agerikoa da gezurra hamaika aldiz errepikatuz, kezka eta zalantza zabaldu nahi duzuela. Horixe bai zuen etika politikoaz adibide bikaina!Herriaren eraikuntzan elkarlanerako prest dauden guztiei luzatzen die eskua Nafarroa Baik, begirunez, zabal eta garbi jokatzeko prest daudenei bereziki.