Hilaren 12an ospatu zen umeen lanaren aurkako jardunaldia. Beraz, pixka bat atzeratuta ibili arren, gaur benetako zapalketa mota bati buruz idatzi nahi dut.Bai, gure mundu gogor honetan, jende pila bat bizi da gu baino askoz gaizkiago.Aurtengo goiburua hauxe izan da: "kalitatezko hezkuntza da haurren lanari aurre egiteko erantzun zuzena".LANEren (OIT) azken datuen arabera, munduan 5 eta 16 urte bitarteko 165 milioi ume langiletik gora daude. Horietatik, 74 milioik lan arriskutsuak egiten dituzte. Eskolatzeari buruzko azken datuei dagokionez, Lehen Hezkuntzan egon beharko liratekeen 72 milioi ume ez dago eskolatuta. Kopuru honetan, neskatxoen kopurua mutikoena baino txikiagoa da.Baina azter dezagun pixka bat honen barruan dagoena:Munduan, zazpi umetatik batek era bateko edo besteko lanen bat egin behar izaten du.Saharaz hegoaldeko Afrikan jarduera ekonomikoetan diharduten umeen portzentaia, lurralde guztietakoen artean altuena da; hain zuzen ere, %26; hau da, 50 milioi haur.Zenbaki absolutuei dagokienez, ume langileen indizerik altuena Asia eta Pazifikoko lurraldean dago, 5 eta 14 urte bitarteko 122 milioi ume langilerekin.Lan egiten duten hamar umetatik zazpik nekazal arloan egiten du lan eta % 22k zerbitzuen sektorean (hemen meatzaritza, eraikuntza eta fabrikazioa sartzen dira).Hamar umetatik seik osasun eta segurtasunerako arriskutsutzat jotzen diren jardueretan egiten dute lan.Ume asko eta asko beste era batzuetako biktimak dira: prostituzioa, morrontza lana, gatazka armatuetako soldadu merke (gerrako umeak edo "niños de la guerra").Umeen lana, umearen funtsezko eskubideen bortxatzea denez, denoi axola zaigu. Gaurko gizarte globalizatuan garrantzitsua da munduan dauden arazoez eta gure jarduerek besteen bizitzan duten eraginez jabetzea.Ezin dugu arazo hauetaz arduratu gabe beste mundu berri bat lortu; eta denon artean egin behar dugu hori.