ZER ARI ZAIZKIGU EZKUTATZEN?

Jon Garziandia 2008ko eka. 27a, 00:00

Espainiar Abiadura Handia izenarekin (EAH-AVE) ezagutu genuen hasiera batean. Azkeneko urteetan Abiadura Handiko Trena (AHT-TAV) erabili dute erruz eta azkenaldian azpiegitura erraldoi eta xahutzaile honen aurkako iritzia handitzen doan heinean, Prestakuntza Handiko Trena (PHT-TAP) hitza sortu berri dute.Baina hitz ponpoxo hauen atzean zer dago? Zertarako eta zeinendako egiten ari dira halako proiektu erraldoia? Betiko trena urtetan eta urtetan alboratzen ibili ondoren zergatik soilik hiriburu handi batzuk batuko dituen tren baten beharra dugu orain?Atzo bertan, Iruñeko eta Madrileko gobernuen arteko ezin konpontzeaz hitz egiten zigun prentsa idatziak. Baina hego Euskal Herrian 10.000 milioi euroko gastua izanen duen azpiegitura honen inguruko informaziorik ez zaigu eman eta ez zaigu eman nahi. Galde iezaiozue zuen buruei, zer dakit nik AHTri buruz?Eta desinformazio interesatu honen atzean, gure ongizate soziala kolokan jar dezakeen proiektua dago. Makro proiektu honetarako desbideratuko diren dirutzak bestelako gastu sozialetatik kenduko dituzte osasuna, hezkuntza, laguntza sozialak eta gisa honetakoak murriztuz. Etxarriko pediatria zerbitzuarekin ditugun arazoak hobetu edo makurtuko zaizkigu gutxi batzuk Madrilera 40 minutu lehenago iritsi ahal izateko?Ba ote daki jendeak Euskal Herrian egiten ditugun desplazamenduen %95a eskualdeetatik hiriburuetara direla edo eskualde artekoak? Gobernuek badakite eta hala ere, betiko trena alboratu eta AHT bultzatzen ari dira. Imajina dezakezue autobia bat Iruñean irteera-sarrera bat izanen zukeena eta Sakanatik pasatuz gelditu gabe, beste bat Gasteizen? Ba horixe izanen da AHT.Jendartea informatua egoteko duen eskubidea aldarrikatzen dugu eta gure etorkizun ekonomiko-sozial eta ekologikoa baldintzatzen duten proiektuen inguruan erabakitzeko eskubidea. Eta ez soilik lau urtez behin.