ANV-KO ESKRIBAUEI

M.A. Zubiria eta JJ Agirre 2008ko eka. 27a, 00:00

Barkatuko digute beroriek hainbesteko lanak eman izana. Argiak ez digu jo beste batzuei bezainbeste, itxuraz, eta ulertzeko gaitasuna lantzen gabiltza aspaldiko urteetan, baina hainbat gauza ulertzea kosta egiten zaigu. Kafka samurrago da, aukeran.Estatuaren gerra estrategiaz oso azalpen argi eta ulergarriak eskaini dizkiguzue gutunean, baina, barka atrebentzia, gerra horretan beste batzuen gehiegikeriak falta direlakoan gaude. Bestalde, aipatu duzue marko bat egiten ari zaretela denondako. Guregatik ez hartu hainbesteko nekerik, zuek eskainitako marko eredu hori ez dugu oso gustuko. Desproportzio handiak ditu.Ezker Abertzalearen estrategiaz diozuena ulertu dugu, zin dagizuegu; baina ez dugu konpartitzen.Tira, gauza batzuk bai, baina beste batzuk ez.Ahaleginduko gara gu ere argi idazten, ea zuek ere ulertzen diguzuen guri.Gure uste apal-apalean, denondako eskubide zibil eta politikoen defentsak baditu muga batzuk: adibidez, indarkeria sektarioa ez litzateke erabili behar, gure ustez, irudimenaren aberastasunak zein diren ere.Ezin dira eskubideok defendatu beste pertsona batzuenak zapalduz.Eta aberastasunak aberastasun, hiltzeko zigorraren erabilerak ez du justifikaziorik gure gizartean.Ez dugu sinisten bide bukaerako paradisutan. Gutako askorentzat bederen, bidea da helburua. Gutako askok parte hartu dugu alderdien legearen aurkako manifestaziotan, sinatu dugu zuen zerrendak sustatzeko, eta abar, eta abar. "Ezker abertzaleko" zenbait kideren mespretxu, irain eta erasoen gainetik defendatu ditugu zuen eskubideak ere. Ez zuek inposatu nahi diguzuen bezala, gure irizpidearen arabera baizik.Gure burua zuritu beharrik ez dugu, baina zuen jarrera gurekiko errespetuan oinarrituko balitz, seguruenik gauza gehiago egingo genituen, pertsona guztien, baita zuen eskubideen alde ere.Gure taldekideen artean ez dira gutxi polizien jazarpena eta erasoak jasan dituztenak, edota kartzela ezagutu dutenak. Zorionez egun ez dugu taldekiderik giltzapean. Zorionez.Erasoak salatuko ditugu behar den beste bider. Baita zuen aldameneko "herritar haserretu" horiek burutzen dituztenak ere.Adierazpen askatasuna aldarrikatuko dugu behar bezain ozen, baina hautetsiek eta bestelako lagun askok jasan behar izaten dutena lotsa gabe justifikatzen duzuen artean, argi dago ez dagoela zuekin inora joaterik. Gu ez goaz zuek proposatutako bidezidor hitsetik. Ghandik esan zuen bezala, bakera heltzeko biderik ez dago, bakea baita bidea.Areago, bakeaz lortuko dugu askatasuna, edo ez dugu lortuko. Zuek ere konturatuko zarete halako batean.