Agur t’erdi euskaltzale orori. Dakizuenez Altsasuko Musika Eskola urrats berriak ematen ari da. Gorabehera batzuen ondoren (irakasleen greba, gurasoen kexak, eta abar) azkenean egungo zuzendariak gidatutako proiektua garatzen ari da. Horrekin batera hurrengo kurtsorako plantilla organikoa onartu behar da datorren osoko bilkuran. Izan ere, duela aste batzuk zuzendariak aurkeztu zigun zirriborro bat, eta bertan behar ziren lanpostu guztietan E.G.A (edo baliokidea) izatea eskatzen zen. Hala ere, zuzendariak gomendatzen zuen eskakizun hau meritua (puntuagarria eta ez betebeharra) izatea, berak iaz arazo ugari izan omen zituelako irakasleak lortzerakoan. Ezker Abertzaleko ordezkariek esan genuen oraingo lanpostuek iazkoek baino baldintza hobeagoak eskaintzen dituztela eta horregatik jende gehiago aurkeztuko dela, baina hala eta guztiz ere guk uste dugu Altsasuko Udaleko zerbitzu bateko irakaslea izateko eskakizun hori ezinbestekoa dela. Harriduraz ikusi genuen NaBaik zuzendariak proposatutakoari baietz esaten ziola, hots, nola onartzen zuen Musika Eskolako irakasleak euskaldunak izateko bermerik ez izatea gutxienez hurrengo hiru urtetan. Lotsagarria izan zen UPN eta PSNko ordezkarien poza! Baina are kezkagarrigoa Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko lehendakaria den Jonjo Agirrek eta bere taldeak (Aralar) hau onartzea. Ate politikoa itxita zegoela ikusirik, amorruz eta haserrez arlo juridikora jo genuen. Zorionez ohartu ginen (eta ez dakigu besteak zergatik ez ziren konturatu) aldaketa hori, nahiz eta erabaki politiko baten ondorioa izan, legez ezin dela egin gomendio txosten edota edota oinarri sendorik gabe. Segituan alkatearengana abiatu ginen eta arduragabekeria hau ohartarazi genion. Oraingo plantilla organikoan hizkuntza eskakizun hau berriro agertzen da, eta zoritxarrez esan behar dugu Altsasuko Musika Eskolako klaseak euskaraz emango direla Altsasuko Ezker Abertzaleak egindako ahaleginarengatik. Eta jakinzazue hau bezalako konpromisoak hartzen jarraituko dugula, euskarak merezi duelako, Nafarroan euskararen aldeko esfortzuak bikoiztu behar direlako... Guk behintzat ez dugu oporrik hartuko gai honetan, gure ondoan nahiko genituzkeenak Himalayan, edo auskalo non, egon arren!!