Euskaraz bizi ahal izateko eremuak irabazi nahi ditugunok era guztietako oztopoak aurkitu ohi ditugu bidean. Ohikoenak, aurkako jarrerak eta itxurakeria izaten dira. Nahi den hurrenkeran. Itxurakerian beste urrats bat egin dute Himalayatik jeitsi ezinda dauden hiru hautetsi "independentistak", euskaltzale baitira ingurukoen ustezko akatsak azpimarratzeko, arrazoirik gabe bada ere, baina ez hainbeste, inondik ere, euskara erabiltzeko orduan.Legegintzaldiak joan etorri, egoera erabat usteldu arte adabakiak jarri eta jarri aritu ondotik, aurreko legegintzaldian Aralarrek eta honetan Nafarroa Baik jarritako oinarriei esker, musika-eskolan aurrerapausu erabakigarriak eman dira: ▪Instalazio berriak izango ditugu aurki (obrak abian daude).▪Eskolako gurasoekin eta zuzendaritzarekin elkarlanean proiektu berria osatu da. Lehenengoz eratu den Eskola Kontseiluan ordezkatuta dauden ikasle, guraso eta irakasleen ekarpenak oinarri. Antolaketa berri bat eman zaio eskolari udal ordezkarien inplikazio handiagoa bilatuz, izan ere udal talde guztien ordezkariak daude musika eskolako gobernu organoan.▪Aurten, sortu zenetik lehen aldiz, Altsasuko Musika Eskolan euskaraz ikasteko aukera izatea lortu dugu, tartean erabaki gogorrak hartu behar izan baditugu ere. Are gehiago, orain arte inoiz ez bezala, irakasle gehienak elebidunak izatea ere lortu dugu.▪Hurrengo urratsa irakasleen lan-baldintzak erregularizatzen hastea da. Horretarako Plantilla berri bat onartzera goaz lanpostuak arian-arian betetzeko asmoarekin. Hautetsi horiek ongi dakitenez argi utzi genuen EGA edo baliokidea izatea derrigorrezkoa izango zela lanpostu hori betetzeko aukera izateko. Eta behin betiko bete artean, lanpostuak aldi baterako betetzen dituzten ahalik eta irakasle gehien elebidunak izatea da gure asmoa, orain arte, guk bai, erakutsi dugun bezala.Horretarako, aldi baterako lan kontratu hauetan euskara meritu gisa puntuatzea proposatu zuen gaur egungo eskolako zuzendariak, datorren urtean espezialitate guztietarako irakasle elebidunak ez lortzeko arriskua mahai gainean jarriz. Edonola ere, argi genuen guztiok irakasle guztiak elebidunak izatea zela helburua, eta beranduenez ere, hiru urteko epean lanpostuak elebidunekin beteko zirela behin betiko.Ondotik, salaketa egin duten hautetsietako bi alkatearekin bildu eta honakoa proposatu zuten zuten: Plantillan euskara maila derrigorrezkoa mantentzea, eta hutsik geratzen diren lanpostuetarako uztea soilik merituen bidea. Irtenbide egokia iruditu zitzaigun eta jaso bezalaxe proposatu genuen zegokion udal batzordean.Hiru zinegotzi Himalayazaleen idatziak besterik aditzera eman nahi duen arren, egia jakin nahi duenak nahikoa luke Altsasuko Musika eskolara etorri eta ikustea irakasle elebidunak zenbat diren (eta zenbat ziren oraintsura arte).Hara non, prozesu malkartsu honetan zehar, euskararen oso lagun ez direnen une bateko poz negargarria ikusi behar izan dugu, batetik; baina bestetik, plenoetan eta ekitaldi ofizialetan ez bada, euskara gutxitan erabiltzen dutenen kritika funtsik gabea jasan behar izan dugu.Euskarak aurrera egiteko ez ditu behar erdaraz bizi ohi diren euskararen aldeko inkisidoreak. Euskarak aurrera egiteko hiztun fidel eta arruntak behar ditu, besteei hatzamarraz seinalatzen eguna emango ez dutenak, norberak egiten ez duena besteei exijituko ez dietenak, euskara ikur gisa erabili ordez, bizitzeko erabiliko dutenak, aukeran.Naturaltasunez eta poliki irabazi behar ditugu espazioak, oinarri sendoak ezarriz eta irabazitakoa egonkortuz. Gure haurrak euskarazko hamaika ikastarotara bidali arren, helduek erdaraz bizitzen jarraitzen duten artean alferrik ari gara. Altsasun ere, zerbait badakigu horretaz, ezta?Zorrozkeria antzuak, areago itxurakerian oinarritzen denean, lagundu ordez, kalte egiten dio euskarari eta euskaldunoi.Euskara aurrera doa musika eskolan, urratsez-urrats eta sendo, Nafarroa bairen ahaleginari esker, besteak beste. Bizi euskaraz eta patxadaz.