Eguzkiaz babesten gaituzten kremak behar bezala erabiliz gero, izpi ultramoreen eragina murriztu egiten da eta erredurak izateko aukera gutxitzen da. Baina krema guztiak berdinak ez direnez, eragina ere ez da bera izaten. Eguzki-iragazkiak, kremak, erradiazioa islatzeko edo erradiazioaren zati bat xurgatzeko gai diren substantziak izaten dira. Krema horiek fisikoak eta kimikoak izan daitezke. Fisikoak gai mineralak izaten dira, suspentsio-eran erabiltzen dira eta argiak ezin izaten ditu iragan. Erradiazioa islatzeko gai izaten dira. Substantzia kimikoetan oinarritutako kremak, berriz, UV izpietako batzuk xurgatzeko gai izaten dira, energia kaltegarria okerrik egin ezin dezakeen energian bihurtzen baitu. Bestalde FPS faktorea -iragazkiaren eraginkortasun-faktorea- agertzen da kremetan. Faktore horrek eguzkitan kalterik jaso gabe zenbat denbora egon daitekeen adierazten du. Adituen ustez, azal arrunta duen edozein, 20 minututan lasai egon daiteke Eguzkitan inolako kalterik jasan gabe. Esate baterako, FPS-15 faktoreak esan nahi du Eguzkitan 15 bider gehiago egon daitekeela. Urarekiko erresistenteak diren iragazkiak, water-resistant izenekoak, 40 minutuko murgiltze bat edo 20 minutuko bi murgiltze jasateko gai dira. Horrek baino eragin handiagoa dute water-proof izenekoak, 80 minutuko murgiltze edo 20 minutuko lau jasateko gai baitira. Jakina, urarekiko erresistenteak diren bezala, izerdiarekikoak ere badira. Krema bat edo bestea aukeratzerakoan, faktore horiez gain, beste batzuk ere hartu behar dira kontuan: Latitudea, eguzki-izpiak zuzenagoak baitira ekuadorrean poloetan baino. Altitudea, erradiazioak arriskutsuagoak baitira zenbat eta gorago. Eta elurrak eta areak eragiten duten izpien islatzea. Era berean, kontuan hartzekoa da eguzki-erradiazioen % 90 behe-lainoak, lainoak eta poluzioa zeharkatzeko gai direla.