Mikel Ibañez. Tragikoa da bere kasua. Otsailean estraditatu zuen Frantziak. Apirilean konorterik gabe aurkitu zuten ziegan, eta koma egoeran ingresatu ospitalean. Tumorea aurkitu zioten ezkerreko barrabilean. Minbizia izanik ere, espetxera itzuli zuten ebakuntzaren biharamunean bertan. Kartzelan erabat hedatu zitzaion gaitza. Onkologikoan ingresatu behar izan zuten. Hilzorian da. Epaitu gabe dago, prebentzioz kartzelaratua. Askatasuna eskatu zuten abokatuek. Hilabete luze baten ondoren, azkenik, askatasun murriztua eman diote, beraz ospitalean zein etxean polizia izanen du beti atean, bisitak erabat kontrolatuz. Ospitaleko medikuek ez zuten trasladoa onartzen, ezingo zuela jasan uste zutelako. Bere gain hartu zuen Mikelek erantzukizuna, Euskal herrian egon nahi zuen. Donostiako ospitalean dago orain. Polizia du uneoro atean. Bere gaitzak ez du jada itzulerarik. Kartzelak eragin du gaitza kinka horretara hedatzea. Gure senide presoekin estatuak darabilen krudelkeria erakusten du honek guztiak.Mikelena ez dela kasu bakarra gogoratu behar da. Hor dugu Bautistaren egoera, hor beste hamahiru senide presoen abagune erabat larria. Eskandaluzko kasuak. Muturreko gaitzik ez izan arren, hainbat eta hainbat senide ditugu, sakandarrak tartean, gaixotasun mingarria pairatzen dutenak, zaintza zehatz eta berehalakoa behar dutenak, erabat utziak. Gaixotasunarena amarru bat dela dioen diputatu zinikoari erantzun behar diogu etxera eta laster hil direla osasunez larri askatu dituzten preso gaixo denak. Zerrenda luzea dugu. Kartzelan hiltzeak lekarkieketen ospe txarra da politikoak kezkatzen dituen bakarra, ez gizalegea. Legea betez, 92. artikulua orain!!!. Presoa gaixo larriak etxera.