Agur t’erdi euskaltzale orori. Altsasuko alkateak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko lehendakariak pasa den astean idatzitako gutunari erantzun nahiko genioke era baikorrean. Alde batetik, Altsasuko Musika Eskolaren inguruan egiten zuten hausnarketan inportanteena esatea ahaztu omen zitzaien. Aurreko legealdiko alkatetzak (Aralar, PNV-ren laguntzarekin) gidatutako kudeaketa desegokiak lau urtetan irakasleen lan-baldintzak ezin erregularizatzea eta duela hilabete batzuk ezagutu genuen irakasleen greba ekarri zuen. Izan ere, erabaki gogorrak hartzea baino gehiago, ordezkari politiko horien negoziaziorako borondate falta izan zen irakasleen kexa nagusia. Halaber, orduko alkatetzaren finantzaketa-plan ezak Musika Eskolako instalazio berriak kolokan jarri zituen; azkenean, nondik eta Madrildik etorriko den diruarekin konponduko da arazo hori. Harrigarria! Bestalde, ez zaigu batere gustatu bi ordezkari horiek egin diguten kritika pertsonala, euskararekiko daukagun konpromisoa eskasa edo itxurazkoa omen delako... Bada, harrotasunez esan behar dugu, norbaitek ez badaki, gutun honen sinatzaileok euskaldun-berriak garela. Bere garaian gure esku egon ez ziren hainbat ondorioengatik gure haur-ikasketak A ereduan egin behar izan genituen hirurok. Batak AEK-n hasi zuen eta karrera bat euskaraz bukatu du; besteak kartzelan ikasi zuen eta hirugarrenak administrazioko hainbat ikastaro egin behar izan ditu. Diru asko, pazientzia gehiegi eta gogo handia atera behar izan ditugu euskalduntze prozesua osatzeko, bidea ez baita batere erraza izan. Halere, hemendik animatu nahi dugu euskalduntze prozesuan edota bide hori egiteko zalantzan dagoen jende oro euskara menperatzeko ahalegina egiteko. Eta ilusio handiz esan nahi diegu lagun horiei guztiei euskarak ematen dizuna ez dela ezerekin ordaintzen, eta batzuetan, tunelaren amaiera ikusten ez duzun arren, azkenean argia dela nagusi zure bizitzan. Horrekin batera eskerrak eman nahiko genizkieke gure ondoan egon diren euskaltzaleei (lagunak, irakasleak, ezagunak eta abarrekoak)... bene-benetan, MILA ESKER! Inoiz zinegotziak izango ginela pentsatzen genuenean, euskararekiko konpromiso hau hartu genuen! Dena dela, ez dugu ulertzen zergatik aipatutako bi ordezkari politiko horiek kritika pertsonaletara jotzen duten. Arduradun politikoak zareten bitartean kritika politikoak jasan behar dituzue, gustatu edo ez. Bai Euskarari egitasmoa bertan behera utzi duzue, Mankomunitateko Euskara Batzordean parte hartzeko arauak aldatu dituzue (euskalgintzako eragile askoren kexarekin), D ereduan matrikulatzeko propaganda kanpaina ez duzue antolatu, etorkinei zuzendutako ezer ez duzue proposatu ... Horren guztiaren aurrean gure kritika politikoa egiten jarraituko dugu. Eta agintari politiko bezala jakin behar duzue egiten dituzuenak (edo egiten ez dituzuenak) beste batzuei ez zaizkiela gustatzen, eta horren ondorioz kritika eta eztabaida politikoak sortzen direla, normaltasun osoz. Horrexegatik eskertuko genizueke termino politikoetan erantzutea, eta ez sartzea inoiz arlo pertsonalean, faborez.