Errespetuz eztabaidatzeak eraso pertsonalei uko egitea dakar berarekin. Bat gatoz. Baina ez gara gu eraso pertsonalen bideari jarraitzeko ohitura dugunok. Gainera, gutun sorta honi hasiera eman diotenek aipamen pertsonal zehatz eta nabarmenak eginez ekin zioten idazteari; bide horri uko egitearekin ados, baina etxetik hasita, sinesgarritasunik izango badu. Guk geuk ere, baikortasunez eta aurrera egiteko gogoz eman nahi genioke segida eztabaidari, baina zenbait puntu argitu beharrean gaude, berriz ere.Musika Eskolako auziaz ari garelarik, bertako irakasleen lan-baldintza erregularizatzeari hain justu azken legegintzaldian ekin zitzaion, eta honetan eman zaio segida. Aurretik, ez Euskal Herritarrok-en agindupean, ez aurrekoetan ere, ez zen auziari konponbidea ematen asmatu.Musika eskolako irakasleen greba inor gutxik ulertu zuen Altsasun, eta gutxiagok babestu. Eskariak neurriz kanpokoak ziren edota bete ezinak. Auziari emandako konponbidea aukerarik egokienetakoa delako uste osoa dugu.Musika Eskola berrirako finantzaketa Madrilen egindako gestioei esker lortu zen. Eta oso pozik gaude lortutakoarekin. Hurrengo batean ere, herritarrentzat onuragarria den edozein egitasmo sustatzeko baliabide bila Madrilera, Bartzelonara, edo Bruselara joan behar bada, joango gara.Euskararen erabileraren nolakoaz gure erantzunean aipatutakoak kritika pertsonaltzat jo dituzue. Ez zen hori gure asmoa, bada. Norbanako askoren eta zenbait talderen ohitura bilakatu da jokabide hori tamalez. Uste dugu euskararen etorkizunaz eta euskaldunon jokabideaz hausnartu beharko genukeela euskara bizirik nahi dugunok. Bai euskarari egitasmoaz diozuena ez da zuzena. Bai euskarari egitasmoa aurrera doa Sakanan, euskara sustatzeko beste egitasmo batzuekin batera. Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak ez diote ekimenari segida eman, administraziorako ekimenik egokiena ez zela iritzita. Horixe bera iritzi zion Kontseiluak berak ekimenaren sorreratik bertatik. Izan ere, Euskal Herri osoan, Sakanako udalak izan dira orain arte ekimen horretan sartu diren herri-administrazio bakarrak.Mankomunitateko Euskara Batzordearen arauak aldatu ditugu, bai. Beharrezko eta egoki iruditu zitzaigun. Aurreko legegintzaldian ere, arau horiek aldatu egin ziren, Batasunaren ardurapean hain zuzen, seguruenik egokia eta beharrezkoa zela iritzita, beste irizpide batzuen arabera, baina.Zuek salatu ez bezala, D ereduan matrikulatzeko kanpaina antolatu dugu, bai horixe. Beste molde bat erabili nahi izan dugu ordea, eta Irurtzunen antolatu genuen D ereduan matrikulatzera animatuz prentsaurreko zabala, askotariko eragileak bilduz bertan, Irurtzunen baitaukagu Sakanan hutsunerik handiena, matrikulazioari dagokionez.Etorkinei zuzendutako lana, zerbitzu horretatik bideratuko da, hori delako gure ustez biderik eraginkorrena. Ez dugu alor hori bazterrera utzi inoiz. Beste alor batzuetan bezala, bestelako irizpideen arabera jardutea egokiago iruditu zaigu.Errespetuz eta eraso pertsonalik egin gabe luzatutako kritikak jasotzeko prest gaude, jakina. Ohitura aldaketa horrek asko erraztuko lituzke harremanak eta zenbait arazoren konponbideak.Hala bedi.