Orain, uda garaian, denok izaten dugu astia urtean zehar egiten ez ditugunak egiteko. Adibidez, Gabonetako oparitan jasotako puzzlea orain egin dut. Denbora eman dut horretan, baina zeinen gustura utzi nauen. Erronka bat izan da, zail xamarra izan baita baina nire gaitasunak trebatu ditut: ñabardurak antzematea, pazientzia izatea, ondorioak ateratzea, nolabaiteko detektibe lana izan da.Batzuendako denbora galtzea izan daitekeena besteondako denbora irabaztea suertatu da. Nik bezala beste askok ongi ulertuak ez diren zaletasunak dituzte. Beti arreta deitu didana arrantza da, horretan emandako orduak, batzuetan etekinak lortzeko, baina besteetan ez, meritua deritzot. Gure gazte asko ezertan trebatu gabe ditugu, kontsumo hutsean oinarritzen da beraien bizitza: nintendo, wii, iPod... Kirola egiten badute, pozik! Eta gurea da guzti horren erantzukizuna, ezertan zaletu ez baditugu transmisio katea apurtu dugu eta urteetan zehar lortutako jakintza bertan behera uzteko arriskuan gaude. Ohartu gabe baratzak hemendik urte batzuetara hustu egingo dira, basurdeak ugarituko dira basoetan harraparien faltan, inork ez du jakingo oihal zati batekin zer egin mukiak kendu baizik...Denbora pasatzeko hainbeste ahalegin eta gero, horren ondorioa gure gain ikusteak ematen digun mina ere ez da nolanahikoa: zimurrak, zilborra eta abar luze bat. Konturatzen gara hori lortzeko zenbat ahalegin egin ditugun? Gero denboraren eragina ekiditeko nahian ez ibiltzeko hoberena ongi ibiltzea da. Izan zoriontsu inori kalterik egin gabe, eta gero kontatzeko izan!