Soziolinguistikako Klusterrak azaroan Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketako datuak kaleratu zituen, lau urtez behin egin ohi dena. Bosgarrena izan den edizio horretan, duela bost urte ateratako ondorio berak baieztatu dira: euskararen ezagutza haziz doa, baina hazkuntza gero eta txikiagoa da.Datuak adierazgarriak dira. 2001ean %13.8ko ezagutza lortu zen, eta bost urtetan %14.2ra igotzea baino ez da lortu. Azken bost urteetako emaitzak kezkagarriak dira, baina are kezkagarriagoak dira duela 17 urtetik hona ezagutza %3.4 besterik hazi ez izana (1989.urtean ezagutza %10.8koa zen). Beraz, ezagutza gora doan arren, erritmoa guztiz geldoa da. Abiadura horretan, zenbat urte beharko dira Euskal Herria berreuskalduntzeko? Agerikoa da euskarak arrisku-egoera bizi duela.Neurketak jasotzen dituen zenbait faktore ere aztertu behar dira. Adin taldeei begiratuta, ikus daiteke zenbat eta gazteago izan orduan eta gehiago erabiltzen dela euskara. Hori, berez, hizkuntza normalizazio prozesu batean, lortu daitekeen hurrenkerarik onena da; ordea, kontuan hartu behar da 2001etik gazteen artean ez dela euskararen erabilera areagotu. Horretaz gain, aipagarria da haurrek oraindik ere euskararen erabileran duten eragina; zergatik jarraitzen dugu euskaraz gehiago mintzatzen haurrak gertu direnean?Datorren kale neurketako datuak hobetu daitezen, ASKO da egiteke dagoena. Hiztun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna helburu dugunoi gure herriaren berreuskalduntzearen alde lan egiteko garaia iritsi zaigu. Egoera idilikoetatik urrundu eta euskararen errealitate gordina zein den argi erakusten dute datuek: neurririk hartu eta aurrerapausorik eman ezean, gure hizkuntzak bizirautera kondenaturik jarraituko du. Garaia da euskararen eremuak berreskuratzen joateko (administrazioan, lan munduan, zerbitzuetan, irakaskuntzan, justizian, etab.), eta horretan guztiok dugu zeregina. Euskal Herrian euskara hutsez bizi nahi badugu, horren alde borrokatu beharko dugu, euskara ahoan eta hizkuntza eskubideak buruan!