Poz bat ekarri digu uda goibelak: Bizente Goikoetxea, Willi, aske dugu jada gure artean. Gure besarkada estuena eta ongietorri beroena berari; pozten gara ere familia eta lagunei bukatu zaizkielako aste oroko bidaia luze eta arriskutsuak. Pozaren ondoren, samina: Maitane Intxaurraga eraman du atxilo errepresioaren gurpil krudelak. Bat aske beste bat atxilo. Latz ordaintzen dugu euskaldunok disidentzia, ia 800 preso dira froga.Poxtiñari egin behar diogu aipamen berezia: abuztuaren 29an bete ziren 17 urte atxilotu zutela. Hainbat kartzela pasa ditu, beti urruti. Jipoiak jasan ditu, kontaezin zigor, isolamendua izan du kondenako zati handi bat. Hainbat gaixotasun ditu: oso mingarriak denak. Kondenaren 3/4ak aspaldi bete zituen, kondena osoki beteta du, ez diote aplikatu erredentziorik, kondena luzatuko dioten mehatxua beti gainean. Preso guztien historia, baina hurre-hurrekoa dugulako, mingarriagoa, beraien defentsan aurrera egiteko akuilua.Pauso berri larriak eman dituzte presoen aurka udara honetan, preso ohien aurka oraingoan, kondena kalean ere luzatuz: Iñaki De Juanaren aurkako kanpaina, Azpiazuri enkantera atera diote denda, eta azkenik Zigor Goikoetxearena: nahikoa da salatzaile baten hitza edonor kartzelaratzeko, ez da behar ez polizia txostenik, ez inolako grabaketarik, ez testigurik, ez frogarik, ez ezer, nahikoa da salatzailearen hitza. Onik ikusi ezin gaituen edozeinen eskuetan gaude, mendeku guztien jopuntu. Gerra zibilean antzo. Errepresioak ez du gailurrik, eta ez du izanen geuk mozten ez badiogu bidea.Tortura, uda honetako errealitatea gordina: Bizkaiko bi gazteak, Hernandez gasteiztarra, eta orain Barañaingo bi gazteak. Ezin dugu etsi leotzetako izurrite hori errautsi arte.