"Bazen behin....."hasten omen dira ia ipuin guztiak.Baina nik gaur beste istorio bat dakarkit eta honela dio:"Bada gaur egun Sakanan gure artean bizi den familia bat. Duela urte gutxi etorri omen ziren gurera bizitzera. Beraien herrian, nola edo hala moldatzen omen ziren baina hemen hobekixeago bizi zitezkeelako ustea zeukaten. Hala entzuna baitzioten bere senitarteko batzuei eta baita beraien telebista eta komunikabideetan ere.Gauzak horrela, diru pixka bat bildu, eta urte batzuen buruan, erabakia ederki pentsatu ondoren, pausu hura emateak ekarriko ziena serioski baloratu eta gero, honuntza etortzera erabaki zuten.Hasierako urteak ez omen ziren batere xamurrak izan: hizkuntz aldaketa zela, ohitura aldaketak, klima, erlijioa, janzkera, jateko modua, familia egituraketa, bikote harremanak, ospakizunak, sinesmenak, musika, dantzatzeko era, familiarekiko grina, hutsunea, pena, bakardade uneak, uste zutena aurkitu ez izana.....baina, pixkanaka-pixkanaka, Sakanako bizimodura egokitzen hasi omen ziren: seme-alabak euskaraz eskolan, aita lanean, etxe bat erosteko bidea izan zuten, amak gaztelera ikasi eta gero euskara pixka bat ikasi zuen....eta bertako jendea, herritarrak ezagutzen ere hasi ziren: jatorrak eta ez hain jatorrak. Beraiek ezagutzeko prest daudenak, baina baita beraien janzkerengatik epaitzen dituztenak, beraien ohiturak ulertzen ez dituztenak...denetatik pixka bat.Horrelakoetan, pena handia sentitzen dute, amak batipat, eta elkar ikusten dugun bakoitzean, beti honela mintzatzen zait: "gu gustura hurbilduko ginateke gehixeago zuengana, baina askotan ez dakigu nondik hasi. Uste dugu oso ongi bizi gaitezkeela elkar ezagutuz, ohiturak eta bizipenak trukatuz, azken finean uste duguna baino berdinagoak baikara, bakoitza ezberdin egiten gaituen gure keinu propioarekin".Eta "hala bazan edo ez bazan, sar dadila sakandar bakoitzaren bihotzean".....Jarraituko du