Lerro hauen bidez Guaixen 2008ko uztailaren 11an "Eztabaida dezagun baina kritika pertsonalik gabe, mesedez!" iritzi artikuluan Bai Euskarari Akordiori buruz esandakoaz pare bat zehaztapen egin nahiko genituzke.Jonjo Agirre Altsasuko Nafarroa Baiko zinegotziak dio ‘Bai euskarari egitasmoa aurrera doala Sakanan’ baina hori ez da hala. Mankomunitateak egitasmoari eskaintzen zion finantzazioa eten du eta, ondorioz, Bai Euskarari Akordioa geldirik dago. Hala ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua Sakanako Euskalgintzarekin harremanetan dago eta Ziurtagirien Elkarteak Sakanako ziurtagiridun entitateei ebaluazioa eta jarraipena eginen die. Bestalde Kontseiluaren ahotan jartzen da ‘administraziorako ekimenik egokiena ez omen delako’ iritzia. Argitu dezagun Kontseiluak Sakanarako ere egitasmo egoki eta are eraginkortzat duela Bai Euskarari Ziurtagiria. Udalei dagokienean, Mankomunitateari aipatu genion ez dugula propio sustatzen udalek Ziurtagiria eskuratzea eta, Sakanako kasuan, bertakoek eskatu zutela. Era berean, aipatu genion ulertzen dugula udalek mankomunitateari eskatzea laguntza-tekniko handiagoa, jakina delako udalek beren normalizazio-prozesua kudeatzeko aholkularitza (arduradun bat, aholkularitza teknikoa...) ere behar dutela, edozein entitate handik bezala. Horiek hala, azpimarratu nahi dugu Bai Euskarari Ziurtagiriak udalei ekarpen erakargarria eskaintzen diela. Euskal Herrian euskararen normalizazio-prozesua bultzatzeari atxikimendua erakustea, herrian euskararen garapen osoa erdiesteko langintzan beren herrikideekin batera aritzea eta Euskal Herriko udalen artean aitzindari izatea dira ekarpen horien adibide batzuk.