Aurtengo Gudari Eguna azken hamarkadetan ezagutu dugun egoera gordinetakoan datorkigu. PSOE-k Marko Demokratikoaren proposamenari ezetz esan, eta prozesu negoziatzailearen hausturatik hona temati heldu dio errepresioaren errezeta zaharrari. Zoramen errepresibo honetan murgildu eta ezker abertzaleak bere borrokarako gaitasunean konfidantza galtzea nahi dute, borrokatzea beste garai batzuetako kontua dela sinestarazi eta egun ezertarako ez duela balio adierazi.Estatuek laguntzaile zintzoak topatu dituzte sektore errejionalistengan. Diskurtso abertzaleegia darabilte PNV eta NaBai alderdiek euskal herritarren aurrean, ondoren Madrilen ,aste honetan bertan diputatuen Kongresuan egin duten bezala "espainiar konstituzioak bermatutako askatasun eta demokrazian sinesten dugu" edota "espainiar indar armatuak gure demokraziaren zerbitzura dauden oinarrizko instituzioak dira" bezalakoak konplexurik gabe izenpetzeko.Badakite gaur egun jokoan dagoena oso sakoneko kontua dela. Jokoan dagoena Euskal Herriaren erabakitze eskubidea baita. Gatazka ez baita estatuek erakunde batekin, ezker abertzalearekin edota erkidego autonomiko batekin duten arazoa; herri oso baten autodeterminazio eskubidearekin duten arazoa baizik.Aurrerantzean, ezker abertzaleak independentzia eta sozialismoaren bidean aurrera egiteko bere determinazio osoa erakutsi behar du. Nazio eraikuntzaren bidean borrokatuz egunez egun eta eremuz eremu,estatuek inoiz ez baitigute euren borondate onez ezer ere oparitu, ez eta oparituko ere.Hori da gure gudariengandik jaso dugun ikasgaia: konpromiso eta borrokarena. Asteburu honetan daukagu Peio, Basajaun, Axio, Stein, Martin eta gainontzeko gudari guztiek egindako bidean pauso bat gehiago emateko aukera berri bat, herri ezberdinetan egingo diren mobilizazio eta omenaldietan parte hartuz. Beraz, lotu gaitezen borrokari, irabaztera goaz, Euskal Herria dugu irabazteko!