Guaixeren aurreko zenbakian Zigor Etxeburuaren gutuna agertu zen, Sakanan Bai Euskarari ekimena geldialdian zegoela adieraziz, eta geldialdi horren ardura Mankomunitateari leporatuz. Horren aurrean, gauzak argi eta garbi utzi nahi ditugu behingoz.Hilabeteak joan dira Zigor Etxeburuarekin eta Xabier Mendigurenekin bildu ginenetik. Bilera hartan azaldu genizkien Bai Euskarari ekimenari Mankomunitateak ordura arte emandako finantzazioa eta giza baliabideak eteteko arrazoiak. Bi ziren: batetik, baliabide urriak ditugula Sakanan euskararen normalizazioan aritzeko, eta udalek baliabide horiek eta gehiago behar dituztela. Bestetik, Bai Euskarari ekimena ez zela gure ustez administrazio publikoetarako egokiena. Gauzak argi eta harremanak normalizatuta geratu zirela uste genuen, baina itxura denez, ez da hala izan.Bai Euskarari ekimenari errespetu osoa diogu, baina bestelako ezaugarriak dituzten ekimenen aldekoak gara. Esaterako, euskararen aldeko konpromisoak hartzen dituztenei kuota bat kobratzearen aldekoak ez gara, eta ez dugu langilerik jarriko zeregin horretan. Badira ekimen horretan konpartitzen ez ditugun beste ezaugarri batzuk ere, baina hurrengo baterako utz dezakegu horren eztabaida.Gure iritzia da. Eskatzen dugun gauza bakarra da gure iritzia errespetatzea, geuk ekimen horren arduradunena errespetatzen dugun bezala.Ez da zilegi norbere ardurak edo lanen emaitzak, zein diren ere, beste erakunde edo pertsona batzuei leporatzea.Geuk dakigula behintzat, Bai Euskarari ekimena aurrera doa Euskal Herriko herri eta eskualde gehienetan erakunde publikoetatik inongo laguntzarik jaso gabe ere, eta edonola ere, elkarlana alde bien adostasunetik eta borondatetik abiatu behar dela uste dugu. Nork bere arduren eta eskumenen baitan jokatu behar luke.