INDARTU DEZAGUN BAI EUSKARI AKORDIOA

Aizpea Euskara Taldea 2008ko ira. 26a, 00:00

Aizpean, Irurtzungo Euskara Taldean, Guaixe aldizkariko gonbitea jaso dugu hilabetean behin astekarian idazteko. Eskerrik asko, eta gustura saiatuko gara eskualdeko, Nafarroako eta Euskal Herriko gaur eguneko gaiez gure iritzia ematen eta horiek  aztertzen. Joan den asteko astekarian irakurri genuen, kezka handiz, Bai Euskarari Akordioa geldirik dagoela Sakanan. Aurretik ere bagenuen horren berri eta oso kezkaturik gaude. Irurtzunen zortzi entitatek daukate gaur egun ziurtagiria; orain dela bi urte bik bakarrik zuten, eta Aizpeari eta beste pertsona gehiagori esker jauzi handia eman genuen. Sakanan 69 entitatek dute ziurtagiria,  Nafarroan 350ek eta Euskal Herri osoan 1500etik gora. Lan handia egin da horren inguruan eta lan erraldoia gelditzen da euskararen normalizazioaren bidean. Dudarik ez dago. Hala ere, Kontseiluak euskara eragileekin eta udal administrazioarekin batera hasi duen bidea, gure ustez, oso bide egokia da, jarraitzeko modukoa. Joan den urtean Bai Euskarari Ziurtagiri banaketa Altsasun, urte bukaeran egin zenean, hor egon ginen Euskalgintza taldeak, komertzio, taberna eta gainerako entitateak ziurtagiriak jasotzen. Hor egon zen ere Sakanako Mankomunitatea eta bere Presidentea, Miguel Angel Zubiria. Orain badirudi, jakin gabe zeintzuk diren arrazoiak, Sakanako Mankomunitateak ez duela ezer jakin nahi egitasmo honekin. Zaila da ulertzea nola hartu daiteke horrelako erabaki bat. Zaila da ulertzea nola utz daitekeen horrelako egitasmo bat laguntzarik gabe. Horrelako egitasmoa martxan dagoenean, Euskal Herri osoan erabat onartua dagoenean eta Sakanan aitzindari izan denean, gaur egun eta abiadura dezente hartu duenean, ezin da tren horretatik jaitsi. Sakanako Mankomunitateak eman beharko ditu  BAI EUSKARARI  egitasmoari EZETZ esateko arrazoiak eta azalpenaSakanako euskalgintza, enpresa, saltokiak eta gainerako entitateak animo eta lanera.