Pasa berri dugun uda honetan Nafarroako Gobernuak gizarte zerbitzu orokorren zorroa onestu du, hala eskatzen zuelako 2006an onartu zen gizarte zerbitzuei buruzko Foru Lege berriak.Funtsezko aldaketa bat nabarmentzen da: pertsonek gizarte zerbitzuez baliatzeko duten eskubidea zehazten du, eta gizarte zerbitzuen sistemaren aldaketa islatzen, laguntzan oinarritutako sistema izatetik eskubide zehatz aitortuak bermatzen dituen sistema izatera pasatu baita, osasuna edo hezkuntza eskubideekin parekatuz.Zorro honen asmoa da zerbitzuak emateko sistema unibertsal bat finkatzea, helburu hori lortzeko behar diren baliabide publikoak sendotuz eta hedatuz, eta zerbitzuaren kalitatea nola gizarte zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen enplegu kalitatea hobetzen joatea. Legai hori guztia Nafarroa osoan modu berean bermatuko dela ere azpimarratzen du.Aipatzen ari garen zorro horretan Administrazioaren erantzukizunekoak diren prestazio guztiak aipatzen dira, prestazio bermatuak eta bermatu gabekoak bereizten ditu, hau da, eskubide subjektibo diren aldetik eskatu ahalko direnak eta aurrekontuko diruaren arabera baizik emanen ez direnak. Bertan sartutako prestazio guztien alderdi hauek ezartzen ditu: xedea, izaera -bermatua edo bermatu gabekoa-, onuradunak, haietako bakoitzaz baliatzeko bete beharreko baldintza berariazkoak, zerbitzua edo laguntza noiz eta nola eman, hartzaileei ordainketan parte hartzea eskatzeko aukera, bidezkoa denean, eta jarduketa esparrua.Azken hilabete hauetan, gizarte zerbitzuen esparrua, goian aipatutakoagatik eta baita dependentziaren alorreko berrikuntza guztiengatik, berritze prozesu interesgarri batean murgilduta dago. Bai langile eta bai erabiltzaileak aldaketa horietara egokituz joan beharko gara. Denborak emanen digu hau guztiaren emaitza eta balioa.Gai honen inguruan informazioa gehiago jaso nahi izanez gero, gizarte zerbitzuetara gerturatu, Nafar Gobernuko web orrira jo edota 2008ko uztailaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 84. boletinean kontsulta dezakezue.