Marka guztiak haustea lortu du errepresioak. 238 pertsona atxilotu dituzte igaro diren 2008ko bederatzi hilabete hauetan. Bi alderdi abertzaleez gain amnistiaren aldeko aldarria ere ilegalizatu dute. Atxilotuen eta presoen eskubide zibil eta politikoak zapaldu dituzte. Kontatzen zaila den adina euskal herritar dituzte preso kartzeletan, beren herrietatik milaka kilometrora. Kondena bete dutenen espetxealdiak hamar urtez luzatu dituzte. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenen askatasuna ukatzen dute. Presoei egunerokoan gero eta eskubide gehiago urratzen diete. Baina horreki guztiarekin beraien legea eta epai sistema osoa eztabaidan jartzea da lortu dutena. Nork sinesten du jada gaur egungo justizian! Hutsaren hurrena bihurtu dute legea, nahi dutena egiten dutelako berarekin. Gaurko justizia ez da zuzena, politika baino ez da ezartzen diguten justizia. Interesen arabera erabiltzen den zerbait besterik ez da gure senideei aplikatzen dieten justizia.Guzti horrek ez du lortu baina gure senide eta lagun presoekiko jarrera aldaraztea. Alderantziz. Gero eta barneratuago dugu ez ditugula inoiz preso edo ihesean ditugun senide eta lagunak bazterrean utziko, gu garelako beraien babesa. Maite ditugu eta ez dugu etsiko guztiak etxera ekarri bitartean. Herri honen zati handi baten bermea eta arnasa dugu, herri honen seme ere direlako. Ez gaude bakarrik presoak bakarrik ez uzteko ahaleginean. Ahaidetasun horrekin, oztopoak oztopo, zailtasun guztien gaindi, hurbiltasuna eta sostengua adieraziko diegu behien eta berriz, bisitara joango gatzaizkie bidaiak luzeak garestiak eta arriskutsuak diren arren, beren aurkako edozein eskubide urraketa salatuko dugu, kartzelara eraman zituen arazoa konpontzea eta beraien behin betirako etxeratzea exijituko dugu. Inoiz baino arrazoi gehiago dugulako, ez dugu sekula etsiko.