Neoinperialista batzuek "La Gran Euskal Herria" kontzeptua asmatu zuten orain urte batzuk Serbiako eredu "zoragarria" gogora ekarriz. "La Gran Euskal Herria" aipatzen dutelarik ez dira, jakina, Eskiula, Jaka, Najera edo Castroz ari. Euren iritzi guztiz orojakitunean Nafarroa Garaia eta Iparralde EHko nolabaiteko partaide izatea sabindar asmo fanatiko onartezin bat besterik ez da. Jakinen balute "Zazpiak bat" leloa Bestaldean asmatu zutela! Edota euskal lurraldeen izenak ( zazpienak) eman zituen lehena nafarra izan zela eta gainera Salamancan ikasi zuela !!!Euskal lurraldea, beraz, Axular, Oihenart, Humboldt, L.Bonaparte, Hugo, Campión, Monteagudoko koplari, Ravel, O.Wells, Xalbador eta Kurlanskyri muzin eginda, EAE deritzana izanen litzateke (gaztelaniaz hainbatek País Vasco esaten dutena, frantsesez Pays Basque espagnol). Baina Utrimque roditur delakoa ez asetzen eta hiru gehiegi direlakoan, ahulenari (Arabari) koska egiten eta tentatzen hasi zaio berriz.Sobra ere, eta irizpide ekonomiko hutsak aintzat hartuz (politikarik ez, mesedez !!! San Fermin, San Fermin!!!) EAEko hiru kutxek bat eginen balute etekinak anitzez mardulagoak izanen lirateke, kalkulagailuak, merkatuen proiekzioak eta hamaika txosten tekniko lekuko. Bada, espainiar konstituzionalistek ezetz eta Araba momentuz proiektu "panbizkaitar" zital horretatik salbatuko dute. Trantsizio garaian zazpigarren alaba zena, Gernikako Estatutuarekin hirugarrena izatera pasatu zen eta horrela jarraikiz gero lehena izan liteke foralista zenbaiten ametsa gauzatuz. Diruak ez omen du aberririk ... ala batzuetan bai? rafatxuri@kaixo.com