Azaroaren 25a, "Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna". Emakumeon aurkako indarkeria egoera benetan aldatzeko baino, gehiago erabiltzen da medioen eta instituzioen aurpegiak zuritzeko eta, horrelako egun eta ospakizunetan gehiegi ez sinetsi arren, ezinbestean aipatu behar da egun hori.Horrela bada, interesgarria iruditzen zaigu Marcela Lagardek, indarkeria mota hori bere herrian aztertzen duen antropologo mexikarrak, FEMINIZIDIOaz ematen duen definizioa: FEMINIZIDIOA: neskato eta emakumeen aurka erabiltzen den, eta erailketan bukatzen duen indarkeria mota. Definizio hori eman duten antropologoen ustez, ezberdintasunaren ondorio da indarkeria hori eta emakumeari berealdiko mina egitera bultzatzen duena erasotzailearen kontrol nahia da. Gainera, emakumearekiko gorroto soziala eta nagusigoa ere tartean daude. FEMINIZIDIOAk beti adierazten du menperatze nahia eta boterea.Azalpen ezberdinak eman izan dira fenomeno hori ulertzeko: antolatutako krimena, narkoen arteko indarkeria edota erasotzailearen droga eta alkohol kontsumoa. Era askotako arrazoiak bilatzen dira baina ez dute sekula argitzen guk nabarmendu nahi duguna: genero indarkeria dela, alegia. Kasuren batean alkohola edo droga kontsumoa tartean egon bada ere, "horretaz gain" izan da. Altsasuko Feministak taldetik zera diogu: indarkeria matxista aho-batez errefusatzen baldin bada, mantendu ez ezik, zergatik areagotzen da? Nagusitasun patriarkalak irauten duen bitartean, gizonezkoek ez diote bortizkeriari uko egingo emakumeak kontrolatzeko.