Garaia badelako, seinaleak euskaraz orain! Urtero bezala, aurten ere EHE-k bizi dugun hizkuntza eskubideen zapalkuntza agerian utzi nahi izan du ezabaketa aste honetan. Agerikoa da euskaldunok euskaraz aritzeko dugun zailtasuna. Ikusi besterik ez dago Sakanan dugun gaztelaniazko kartel andana. Hori gure hizkuntza eskubideen urraketa argi bat da, euskaldunok bigarren mailan uzten gaituena. Egunerokoan ezinezkoa zaigu euskaraz bizitzea eta horren arrazoiak indarrean dauden markoetan eta horien bidez ernatzen diren legedi eta araudietan topatzen dira, horiek baitira euskarak bizi duen zapalketa egoera ahalbidetzen dutenak. Euskara ezingo da inoiz ofizialdu ez normalizatu Nafarroan dugun Vascuenceren Legearekin zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako dagoen Euskararen legearekin. 25 urte hauek ongi erakutsi digute hori. Legeak baimentzen die euskararen etsaiei euskararen aurka hartzen dituzten neurriak aplikatzea. Legea da, azken batean, euskara heriotzara eramateko erabiltzen duten bitarteko nagusia. Euskal Herria osorako legedi bat eta bakarra eduki ezean, gure hizkuntza erabat gutxietsia edukitzera kondenatuak jarraituko dugu. Euskararen biziraupena ziurtatu nahi badugu, ezinbestekoa da euskaldun gisa ditugun eskubideak, hainbestetan zapaltzen direnak, ozen eta tinko aldarrikatzea, baita gure hizkuntzaren erabateko ofizialtasuna exijitzea ere, soilik horrela atera daitekeelako euskara gatazka linguistiko honetatik. Gu gara debekuak eta zapalketak pairatzen ditugunak, gu gara hizkuntza eskubideen urraketa jasaten dugunak; guri dagokigu, beraz, horien berri ematea eta salaketarako bideari eustea. Gaur, ostirala, ezabaketa-kalejira egingo da Altsasun, 19:00etan Gaztetxetik abiatuta. Garaia badelako, seinaleak euskaraz orain!