Heldu den astean Israelek Zisjordanian eraiki duen Harresiaren aurkako protestak egingo dira mundu osoan. Komunikabideek guregana ekartzen duten informazioak argi uzten du Gazan sionistek egiten dituzten sarraskiak: setioa, ur hornidura etetea, ospitaleak sendagairik gabe uztea, ... Halere, Zisjordanian ere egoera ez da askoz hobea. Israelek checkpoint edo kontrol ugari ezarri ditu palestinarrei hiri batetik bestera joateko eskubidea urratuz, 11.000 preso politiko daude sakabanaketa pairatzen dutelarik eta milaka errefuxiatu daude eremu berezietan, bai Zisjordanian bertan, zein herbestean.Honekin batera, Harresiaren eraikuntza pairatu behar izan dute. Honekin Israelek palestinarrak getoetan itxi eta beren ekonomia ito nahi dute. Nekazariek ezin dute beren lurretara joan olibondoak zaintzeko. Soldadu sionista baten gogoaren pean daude. Soldaduak nahi badu atea irekiko die. Ez badu nahi, olibondoak zaindu gabe geratuko dira. Nekazariak erresistentziarekin harremana badu (preso ohia bada edo familiako norbait espetxean egon bada) olibondoetara joatea ezinezkoa bilakatzen da. Honez gain, ur putzuak bereganatu dituzte harresiaren ibilbidea aprobetxatuz eta kolonia sionistak babestea dute helburu.Horietako kolonia bat (Ariel, Zisjordaniako handiena) pairatu behar dute Mardako biztanleak. Arbizurekin senidetutako herri honetako biztanleak kolono sionistek egiten dituzten ur lapurretak pairatu behar dituzte, beren lurrak lantzeko oztopoak dituzte eta Armadaren bisitak jasaten dituzte maiz.Horregatik gure anai-arreba palestinarrekin bat egiten dugu Arbizuko Udalak eta arbizuar guziek eta Palestinako askatasuna lortzeko bidean, Israeli boikota egiteko deia berresten dugu. Hau baita Palestinatik munduko beste herriei eskatu diguten elkartasuna adierazteko modua. Palestinarrek pairatzen duten bazterkeria eta zapalkuntza ezabatzeko tresnarik eraginkorrena hau dugulako.