(Altzanian pentsatu, sentitu, hitz egin) Estreinatzekoa den Helena Tabernaren « La buena nueva » filmaren aitzakian Marino Aierraren berri gordina datorkigu atzera bihotz begietara. Antzak antz eta fikzioak fikzio filmean 1936ko urrun-hurbil hartan bertatik bertara gertaturikoak kontatzen dira . Filmaren mami hezurretan, ez alferrik " No me avergoncé del Evangelio desde mi parroquia de Alsasua" liburua dago, trantsizio garaian arrakasta polita eduki zuen liburua. Gaur egun,ordea, Aierraren liburua bidegabeki ezezagun samarra da ( baita Burundan ere) eta ez merezimendu literariorik falta duelako.Bertan kontakizun historikoa , tentsio dramatikoa eta saiakera teologiko-soziala aurki ditzakegu besteak beste, narrazio hunkigarri bezain grinatsu batean. On Marinori ez zitzaion egokitu garai gozorik gurean, 1936ko uztailaren 16an Altzania ondoko tren geltokian fortunatu zenean. Munduan gerla handien aroa bidean zen eta delako Gurutzada nazionala otamen koxkorra izan zen laster gauzatuko zen sarraski itzelerako. Gurutzatuen ustez Altsasu industrial haren giroa gaitzaren kabia zen: errepublikanoak, gorriak, abertzaleak, laikoak biltzen ziren gune pozoitua. Eta On Marino goraki pentsatu, sakon sentitu eta garbi hitz egiteari lotu zitzaion, non eta infernu labanagoan, deabruaren ahoan. Artean apaiz gaztea zen Aierra, Ebanjelioaren irakaspenetan errotiko sinismen sendoa zuena. Ebanjelioaren kudeatzaile ofizialak, hots, Erromako Eliza Katolikoak bere bidea egin zuen, eta apaiz gaztea gogo oinazeari buelta eman ezinik eta arriskuaz jakitun Ameriketara joan zen ihesi. Altsasuarren baitan arrasto ahaztezina laga zuen. Gizonaren zitalkeriarik latzenean, bere buruaren kaltetan ere gizonaren alde egin zuelako.