Esaera hau, Logroñoko fiskal batek esan zuen igaro den hilabetean epaiketa bat hasi aurretik. Baina esaldi honek eta beste hainbat esaldik, gero eta sarriagotan esandakoak, zer edo zer adierazten dute: gure gizartean gauza askoren falta nabaritzen dela.Gauza hauen artean, elkarri zor diogun errespetua. Errespeturik eza gero eta nabariago agertzen da gure artean. Eta jarrera hau, gurekiko desberdintasun nabariak dituztenekin adierazten dugu.Desberdintasun hauek mota askotakoak izan daitezke eta kontutan hartu behar ditugu, ez direlako inoiz eta inoren onerako izango.Nire ustez, desberdintasunak eman daitezkeen arlorik garrantzitsuenak hauexek dira:a) Gizarte mailan: bestea, esaten dugunarekin gure menpean jartzen dugunean (Logroñon gertatutakoa adibidez) edo langileen soldatak gero eta txikiagoak direnean (denbora luzez sufritzen daramagun errealitatea).b) Erlijio arloan: bestearen pentsaera ez onartzerakoan, nahiz eta askotan zaila izan eta oztopoak aurkitu.c) Politika mailan: lehergailuak jartzen direnean, edozein lekutan eta beren ondorioak kontutan eduki gabe; edo hobe esateko, gero eta min handiagoa eragiteko. Eta arlo honetan ere, herri bati bere nahia adierazten uzten ez zaionean (gure kasua den bezala).Gauza bat da horrelako errealitateak salatzea eta beste bat putzu sakon honetatik ateratzea. Baina ez baldin bagara ateratzen, zer nolako Etorkizuna ari gara eraikitzen? Gizartea ala abere-taldea? Hemen justiziaz eta egiazaletasunez jokatzea dagokigu. Ez da erraza eta ez da epe laburrerako bidea izango, baina ez baldin bagara abiatzen sekula ez gara iritsiko. Nahi ez dudana zera da, okerreko bidea hartzea: ez nago okerreko bidetik abiatzeko prest. Eta zuek? Bada garaia besteari zor diogun errespetua beldurrik gabe aldarrikatzeko.