ONUko giza eskubideen komiteak zera esan dio Espainiako Gobernuari: atxilotuen inkomunikazioa baztertzeko, epailearen aurrera arteko epea murrizteko, terrorismo hitza bere esanahi zehatzean erabiltzeko, polizia-etxeetako galdeketak grabatzeko, abokatuen presentzia bermatzeko, eta sumarioko sekretuaz ez abusatzeko. Espainian tortura badagoela aditzera eman dio ere. Hori bera gogarazi dio Nazioarteko Amnistiak. Matrailak gorri lekizkioke edozeini eskabide horrek, baina entzungor ez ezik, presoen aurkako bortxakeria areagotuz erantzuten die eskabideoi Gobernuak, alderdi politikoen konplizitate osoarekin.Igandean ospatu genuen ETXERATek VIII Asanblada, Etxarrin. 700 preso politikoen senide baino gehiago bildu ginen batzarrean lehenengo eta anaiarteko bazkarian ondoren. Sufrimenduak batu egiten gaitu, hemen gaudela eta errealitate hau ezin dela inola ere ezkutatu adierazi nahi dugu. 755 zen euskal preso politikoen kopurua Azaroaren hasieran, 69an soilik gainditu zuen frankismoak langa hori. 16 soilik daude Euskal Herrian, betiko kartzela, gaixo larriei ezarritako krudelkeria, bizi-baldintza ankerrak: gure eguneroko errealitatearen testigantza gordina eskaintzen jarraituko dugu. Min egiten digute erarik koldarrenean, baina argi izan dezatela ez ditugula senide presoak bakarrik utziko. Salaketarekin jarraituko dugu, ezkutatu nahi den errealitatea argira ateratzen. Konpromisoa eskatuko diegu eragileei, eta solidaritatearen indarrak biltzen saiatuko gara, herriaren zati ahalik handiena sentsibilizatzen. Ez da politika arazoa darabilguna, eskubide arazoa baizik, "Eragin nahi diguten beldurra kapitalizatu eta indar bilakatzea", "Izua indar bihurtu" izan zen Askatasunak Irulegin izan zuen Elkartasun Eguneko lema, lortuko duguna.