EUSKARA NAFARROAN, PAPERIK GABEKO ETORKIN

Aitziber Sarasola Jaca eta 5 gehiago 2008ko aza. 21a, 00:00

22 urte pasa dira Euskararen Legea onartu zenetik. Ordutik euskalgintzak Nafarroa osorako ofizialtasuna eskatu du. Baina zer da ofizialtasuna? Hizkuntza bat ofiziala da botere publikoek hizkuntza hori komunikaziorako tresna normaltzat errekonozitzen dutenean. Hiritarrari, edozein esparrutan hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea aitortu eta aukera ematen zaionean. Hizkuntzak "paperak" lortu eta bere egoera "erregularizatzen" denean. Gobernu batek hizkuntza egoera jakin baten aurrean esku hartzea erabakitzen duenean izaten dituen helburuak hirutan labur daitezke: sustapena, tolerantzia edo debekua. Gobernuak oinarrian dituen helburu edo printzipioen arabera, hizkuntza politika eredu ezberdinak eraiki edo planifikatu/praktikatuko ditu. Eta, zertarako balio izan zaigu Vascuenceren Legeak? Premisa horretatik abiatuta eta oro har aztertuz gero,  ez du euskara sustatzeko balio,  ez du ezer espresuki debekatzen ere; baina, ezta toleratzen edo borondatearen esku uzten ere. Alde horretatik, legeak ez du helburu zehatz eta irmorik, haren oinarriari zehaztasun eza edo zalantza dario. Eta, aldi berean, denetik pixka bat ere egiten du, aldian aldiko eta tokiko politikak martxan jartzeko bide emanez.Hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak 22 urte hauetan zehar aurrera eraman duen politika.  Izan ere, ofizialtasunik aitortzen ez duen lege batek, marko ezin hobea eskaintzen du, egunerokoan oso ohikoak diren errealitate hauek eman daitezen: Dekretuen bidez (erabilerarena, errotulaziori buruzkoa...) administrazioak hiritarrekiko dituen betebeharrak zabaldu edo estutzeko, haurren euskalduntzea bermatzen duten ikastola eta eskolak, euskaltegiak eta erabilera programak (mintzakide, euskaraz mintza edo bestelakoak) egoera politiko eta ekonomikoaren menpe jartzeko, duela 20 urte hiritarrari zerbitzu bat eskaintzen dion Euskalerria irratiari lizentziarik ez emateko, gizarte ekimenez garatzen diren kultur eta aisialdi jarduera eta komunikabideentzako diru partidak ia ia desagerrarazteko... Hau da, hizkuntza ofizialtasunik onartzen ez duen legeak, beste esparruetan gertatzen ez den bezala, administrazioari, ez dio hizkuntza eta hiztunekiko inolako betebeharrik edo erantzukizunik ezartzen. Horrek, gizarte eragileek sustatutako egitasmoen egingarritasuna, egonkortasuna eta bideragarritasuna kinka larrian jartzen ditu. Horixe da gaur egun hainbat euskal komunikabideren (Nabarra, Ttipi-Ttapa, Karrika, Guaixe, Karrape, Esan-Erran...) egoera. Komunikabide horiek aurreikusitako diru iturria desagertzeak, euren bideragarritasuna eta etorkizuna baldintzatzen du. Gizarte eragileek funtsezko eginkizun demokratikoa betetzen dute gizartean, ordezkatzen dituzten taldeek gizartean aktiboki parte hartzea posible egiten baitute. Horien lana babesteak, Nafarroako aniztasuna zaintzea dakar. Euskarabidearen aholkulari gisa, gure aholkua argia da: euskara sustatzeko, Nafarroa osoko ofizialtasuna eta hizkuntza politika sendoa eta egonkorra ezinbestekoak dira. Ofizialtasunak zer ekarriko digu? Hiritarrari lurralde osoan eskubide berdinak aitortzea ekarriko du, baita gizarte ekimenez sortutako egitasmoenganako babes instituzionala ere. Egia da, ofizialtasun hutsak ez duela hizkuntzaren berreskurapena edota horren eta euskaldun eta euskaltzaleon garapena ekarriko, baina hori gabe, zaila izango da orain arte batez ere euskaldun eta euskaltzale eta gizarte eragileen gain egon den prozesu horretan aurrera egitea eta talde horiek abiatutako egitasmoak bideragarriak izatea. Euskara Kontseiluaren funtzioa hizkuntza berreskurapena, sustapena eta garapenerako giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bideratzea da, baita horretarako aholkua ematea ere. Horretara gatoz, euskararen berreskurapenerako aholkua ematera. Zoritxarrez, euskara Nafarroan paperik gabeko etorkina da. Etorkinak bezala, euskara herrietan erroldatuta badago ere, ez ditu gainerakoen eskubide berdinak. Euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara gaur egun, eta horrela jarraituko dugu euskararen egoera "erregularizatzen" ez den bitartean. Bada garaia, Nafarroako berezko hizkuntza dugun euskara bere lurraldean arrotz ez sentitzeko (izateko?). Gezurra dirudi administrazioaren babesik gabe 22 urte hauen ondoren euskarak  dagoen egoera osasuntsu, aberats eta erakargarrian jarraitzea. Estatus ofizial hori gabe ere, euskarak hiztunak (haur eta helduak) irabazten jarraitzen du eta askok jarraitzen dugu euskararen aldeko lanean. Hori, euskaltzale eta euskaldunon ahaleginaren ondorio zuzena da. Zorionak eta aurrera!! Hurrengo hitz ordua azaroaren 22an dugu, arratsaldeko 17:00etan Golem zinemetan.