JALOGUIN

Adelaida Kintana 2008ko aza. 21a, 00:00

Inoiz entzun duzu hitz hori? Bizitza honek zerbait berria ikasteko aukera paregabea ematen dizu. Aldi honetan sarritan entzun dudan hitz horren inguruko hausnarketa egiteko parada eman dit, eta ez dut ingeleraz idatzi nahi izan, entzuten dudan bezalaxe baizik.Festa arrotz hori xurgatzeko gauza izan garela garbi dago. Nola izan gaitezke hain tentelak? Globalizazioa burmuinetaraino sartu digute, baita festa globalizatu horiek ere, gureak albo batera utziz. Eta okerrena: festak kulturaren parte bat direla, gureak mantendu eta bultzatu behar ditugula ulertaraziko digun heziketarik izango ote dugu?Hausnarketa honetan kontraesanak ere ditudala konturatu naiz:alde batetik, arrazoia ere badaukagu festa hori irensteko. Guk garai batean edo hemengo toki batzuetan aldi honi dagokion festa izango genuen (zeltek "Sambein" zuten bezala, honek markatzen baitzituen udaren bukaera eta uztak eta, hotza eta iluntasunaren egunak hasten zirela), baina eliza katolikoa etorri zitzaigun eta bere ospakizuna ezarri (Gregorio III.a Aita santuak ezarri zuen). A! Zer nolako festa ezarri zigun: Santu guztiak eta hildako guztiak gogorarazteko egunak. Alaitasuna? Inon ez. Poztasuna? Inon ez. Festa bakarra: mezatara joatea eta loreak erosi eta kanposantura joatea. Hau guztia errespetagarria da, dudarik gabe. Baina hara nondik etortzen zaigun Ameriketan egiten den ospakizun berri bat, eta festa denez, onartuta!Hasteko, haurrak maskaratzen dira, baita gazteak ere, eta maskarak dauden edozein ospakizunetan ongi pasatzeko seinalea da, beraz, "ongi etorri". Kalabazak ere hortxe daude.  Gure herrian kalabazak ere badira eta jaten ditugu, baita marrazki bizidunak ere egin: hortxe "Kalabaza tripontzia"; hala ere, sekula ez zaigu bururatu festa bat egitea haiekin; beraz, "ongi etorri".Azkenik, gure begietatik sartu eta saltzeko ahalmen ukaezina duten dendek eta toki komertzialek maskarak, kalabazak, edozein gauza saltzen dizkigute. Dena den, maskara horiek ezin itsusiago eta tetrikoagoak dira, eta hala eta guztiz ere, erosi egiten ditugu.Ziur nago Euskal Herrian garai hau ospatzeko tokian tokiko jairen bat egongo dela. Nik horixe ospatu nahi dut.  akinlo@euskalerria.org