ERASOEN AURREAN AUTODEFENTSA ETA ERANTZUNKIZUNA

Eider Leoz, Jone Unamuno eta Izaskun Jarones 2008ko aza. 28a, 00:00

Nahiz eta azaroaren 25a, emakumeon indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna, pasatu berri den, gogoratu beharra dago indarkeria sexista ez dela egun bakar batean salatzeko gaia.Indarkeria hau ez da isolatuki eta eremu pribatuan gertatzen den bidegabekeria. Emakumeonganako indarkeria estrukturala da, bizitzako esparru  guztietan pairatzen duguna. Sistema honek martxan dituen botere harremanetan eta emakumeak gizonekiko dauden menpeko egoeran aurkitu behar dugu egungo indarkeria kasu ugarien arrazoia. Beraz, indarkeria gertaerak arazo sozial eta estruktural bat bezala ulertu behar ditugu.Bizi dugun egoerari aurre egiteko ordua da, besteek zer egin begira egon beharrean bildu eta autodefentsa mekanismoak jarri behar ditugu martxan, beldurrik gabe jarrera aktiboarekin antolatuz. Gure eskubidea delako, emakumeok aski da esan behar dugu, gurea defenda dezagun eta emakumeen arteko  elkartasunez, erasotzen gaituenari errebelatu. Bizi duguna denon arazo egin eta denon artean aurre egin diezaiogun indarkeria matxistari.Instituzioei begira, momentu hauetan eskaintzen digutena "partxeo" bat besterik ez da. Bitartean emakumeok kolpatuak, irainduak eta gutxietsiak izaten jarraitzen dugu egunero, kasu batzuetan erailak izan arte.Nahikoa da, itxurakeriarekin amaitzeko eta benetako konpromisoa agertzeko eskatzen diegu. Eremu pribatuan, ekonomikoan, legezkoan, sozialean, kulturalean edota hezkuntza esparruan eragingo duten neurri integralak indarrean jarri behar dira.Amaitzeko, argi eta oso ozen esan nahi dugu erasotzaileak ez ditugula onartzen, ez gure herrietan, ez gure tabernetan, ez eta gure inguruetan ere.