BURUNDA; BEREZKO NORTASUNA INDARTUZ

Angel Rekalde eta Ana Telletxea 2008ko aza. 28a, 00:00

Globalizazioak sorrarazi duen efektuetako bat homogeneizatze edo berdintze joera da, ezberdintasunak difuminatzen dira, gizarteak, produktuak, kulturak, masifikatu eta lautzen dira.Horren aurrean, joera honen kontrako hautabidea, nortasuna ematen duten elementuak edo faktoreak sustatzea izan da. Ez da urruti jo behar, maila komertzialean, jatorrizko izendapenaren abantailak ezagutzen ditugu, markako publizitatea, etab. Pentsa dezagun Lacoste, Nike zapatilak, Rolex erlojuak, Armani jantziak, Cocacola, Dodotis, Audi autoak edo beste ospe handiko markak zenbat diren. Honek ere balio du herri, hiri edo eskualdeentzat. Orain dela urte batzuk eslogan bat plazaratu zen: "Teruel existe, y no es chiste"; baina bestalde, hor daude Parisen dotorezia, Toscanaren ospea, Pragaren bukolikotasuna... Hiri edo leku bereziak dira, euren berezitasunek apartekoak egin baitituzte besteen aldean.Kide izatearen sentimenduaIzaera ematen duten faktore hauek oso positiboak dira; delako markaren ezagutza eta aitortza sustatzen dituzte; bai hurbileko planoan eta bai kanpokoan ere. Hau garrantzitsua da; jendeak egoera hau ezagut dezan, eta baita beste edonondik aintzat har gaitzaten.Hiri eta biztanleriari dagokiela, horrek nonbaiteko kide sentiarazten du populazioa, eta bide batez, gizarte-harreman prozesuak errazten ditu, integrazioa, komunitatearen edozelako garapena, (inbertsioak, kargak, ahaleginak, ...) eta ongizate komunean arrazoitzen dira. Ez baldin bagenu ongizate komunaren zentzurik, talde-izaera hori ez balitz hautemanen, ez litzateke ahalegin txikiena ere ulertuko.HistoriaHistoriak izaera eta nortasun ezaugarriak definitzen ahalbidetzen du, izan ere, subjektuari bere iraganeko gertakarietan, baldintzetan eta joan-etorrietan identifikatzen eta lekutzen laguntzen baitio. Historiak jatorriak argitzen ditu, egoerak eta harremanak. Gure herriak ondare historiko aberatsa eta zabala du, eta oso gutxitan baloratzen dugu, gehienetan gainera kanpotik dator oharmen hori. Hausnarketa teoriko gehiegitan erori gabe, esan dezagun aurten Burunda urteurrena ospatzen ari dela; orain dela 800 urte Antso Azkarra erregeak forua eman zion eta honela sortu zen eskualdea.Garaiko jendearentzat ez zen egoera erraza izan. Gaztelak Nafarroa inbaditu zuen haren lurrak bere egin nahiz, konkista gosez. Gerra haren gaineko kontakizuna ezaguna da, nahiz eta gero eta argiago ikusten ari den ez zela inondik inora boluntarioki eginiko emankizunik izan. Gasteizek zazpi hilabetez baino gehiagoz eutsi zion setioari, gaztelar tropak sar ez zitezen ikaragarrizko gatazkei aurre eginez. Hondarrean, egun Vascongada deitzen dena galdu zen, erreinuaren zati handia.Kontakizun latz hau Burundako eskualdera ailegatu zela suposa genezake, muga-lurra bihurtu zenean hain justu. Etsaikeria honaino ailegatu zen nonbait, eta hemen gelditu zen gaztelarren erasoa. Gerrak gogotik gaztigatu izanen zuen lur hau dena. Ondorengo urteetan, inguruneko populuen kokalekua indartu nahiz (istilu-lurra bihurtua zatekeena orduko) erregeak foru berezia eman zion eta honela, hainbat onura eman zien bertakoei, bai eta eskualdean bizi zirenentzako zenbait zerga desagerrarazi ere.Orain dela zortzi mende gertatu zen hau; gure iragana josi zuen historia da, herri gisa zatitu gaituena, izan ere, 300 urtez euskal lur zati handia gaztelarren orbitan sartu baitzen eta besteak, bere bide askeari jarraitu zion, Nabarra izenaz. Historiak marka utzi zigun, baina ez genuen aukerarik egin, gerrak eman zuen emaitza, eta boteredunen interesak izan ziren garaile.Herriak, beti bezala, gobernuak armadekin suntsitutako hura zutitzen eman ditu ahalegin gorrienak. Gaur eskualde aberatsa dugu, harro egon gaitezke hartaz.Ospakizunik egiteko beraz, badugu arrazoirik, eta kontakizun historikoan geure burua aitortzeko ere aukera ona da.