Pasa den astean, astekari honetan argitaratu zen eskutitz bat irakurtzeak harrituta utzi ninduen, batez ere nork sinatzen zuen ikusteak. Izan ere, bi sinatzaileak, sozial-demokrata-kontserbadorea den NABAI koalizioan bere militantziagatik aski ezagunak baitira. Gaia ez doala zuekin ematen du. Zuen idazkian ez zarete bustitzen eta zuen jarrera zein den ez duzue argitzen. Busti behar da. Konprometitu behar da. Lan egin behar da. Ongi ulertzeko, ez dut koalizio honen deskalifikazioa egiten, bere jarduerarekin zehatza izan nahi dut, besterik ez. "Bere egintzengatik, ezagutuko dituzue" dio esaerak. Atera ditudan ondorio batzuk:- Koalizio horretan ez dutela Sakanaren garapen industrialari buruzko eztabaida egin. - Egitatezko botereek (hots, kontserbadoreak, PNV, EA...) jarraitzeko bidea seinalatzen dutenak direla. - ARALAR-rek, ezkertiarra dela esaten badu ere, eskuindarra den politika egiten duela. - NABAI-k ez duela proposamenik eta UPN eta PSOE-k esaten dutena jarraitu besterik ez duela egiten, nahiz eta Zangituko industrialdea, bere dimentsioengatik, beharrezkoa ez dela jakin. Ezker abertzaleak poligono horri bere ezetza borobila eman dio udalek eta mankomunitateak bere garapenerako eduki beharko luketen autonomiaren deuseztapena eragiten duelako. Zeozer behar izatekotan bai Altsasuk bai Urdiainek, bere beharren barruan, dituzten poligonoak handitzea eta bideratzea da. Sakana, industrialki, pixkanaka hazi da, egitasmo handiegi egin gabe. Komunitate batek, ez industrialki, ez demografikoki, ez du gehiegikerien bidez hazi behar eta hori bakarrik, erabakiak gure esku baldin badaude lor dezakegu. Ez ditugu Araia edo Aguraingo poligonoak nahi. Bere beharrak txikiak izan arren, izugarrizko poligono handiak egin dituzte. Ez dugu Goierriko garapena nahi, non baserrietako magalak eta guzti deseginak dauden. Sakanako garapenaren behatzaile on batek esango lukeen bezala "piano piano joango gara" hots, poliki, poliki eta Zangituko makroproiektua, AHT, edo UGT-k erreibindikatzen duen Altsasun 1000 etxebizitza horiek, patatekin jan ditzatela. Geuk , geurera, garapen on baten alde lanera, beti kontuan hartuta garapen horrek hasieratik hasi behar izango zuela, hots, lehen sektoretik, nekazaritza eta abeltzaintza. Giza eragile guztiak eztabaidatzera eta ondorioak publikoki ateratzera animatzen ditugu eta beste era batez bizi nahi duen orori sirenen kantuekin ez lausotzeko esaten diogu, "ez dakit nolako aldaketen hitzemanak" beti gezur suertatzen dira.