Lehen solasaldian gaitz da gaixotasuna ezagutzea eta onartzea erdiestea, lanez gainezka dabiltzan zaintzaileak edo eritasunaren sintomak ulertzen ez dituzten senitartekoak izaten baitira (hamaika aldiz entzun ditugu "nahi duenean badaki bai honek...", "komeni zaionean ederki asko gogoratzen ditu gauzak..." edo horien gisakoak). Horregatik on da jarraipena egitea eta familiakoekin hainbat solasaldi izatea, gaixotasuna onartzea errazteko eta haren bilakaeran laguntzeko. Honelako elkarrizketekin, profesionalekin batera eusten zaio gaixoa zaintzeak dakarren zamari, zaintzailearen egonezina gutxitzen da eta gaixoaren estabilitatea bultzatzen, giro lasaiagoa sortuta.Solasaldian, senitarteko edo zaintzaile nagusiaren estresa edo karga zenbaiterainokoa den harrapatu behar da, besteak beste. Izan ere, oso kontuan hartzekoa da zaintzailearen estresak hark jasotzen duen informazioa desitxuratuko duela batzuetan, diagnostikoa, bilakaera, pronostikoa eta gaixoaren zainketa azaltzen dizkiogunean. Horregatik, emandako informazio hori beste profesional batekin kontrastatzea komeni da, zer ulertu duten jakite aldera. Zer diagnostiko eman zaien galdetzen diegunean, haiek jasotakoak zenbaitetan ez du emandako informazioarekin zerikusirik; gauza bera gertatu izan da pronostikoarekin eta bestelakoekin.Gure esperientziak erakutsi digu derrigorrezkoa dela gaixoarekin, familiakoarekin edo zaintzaile nagusiarekin lehen solasalditik bertatik lotura bat ezartzea. Orobat, familiarekin komunikazio egokia izatea, eta gaixoaldiko tarte bakoitzean informazio aratz eta zehatza ematea. Hurbiletik jarraitzea, eta enpatiaren eta entzute aktiboaren bidez familiari eustea. Eriarekin eta senitartekoekin harreman egokia izatea, sintomatologiaren eta gaixotasunaren bilakaeran diren gorabeherak atzematea, estabilitatea lortzen laguntzea eta, estabilizazioa erdiesten ez denean, bidea erakustea.Horrenbestez, familiakoekin eta zaintzaileekin komunikazio eraginkor eta garbia izan behar da, enpatian eta entzute aktiboan oinarritua, ezen gure harreman profesionalean funtsezkoak baitira entzutea, orientatzea, ulertzea, laguntzea eta aholkatzea.XV. osasun jardunaldiak.Adimen osasuna, oztopoak gainditzen. Iruñea. Osasun zientzien unibertsitate eskola.NUP. 2005 maiatzak 6 eta 7