19.160 ETXEKOOK

IRANTZU BERASTEGI UNTZILA 2008ko abe. 12a, 00:00

Etxeko postontzian jaso dugu etxekook ustez Nafarroako foru ogasunaren ordainketa karta. 4.790 € etxeko bakoitzeko. 4.790 euro lau bider: 19.160 € AHT ordaintzeko. 19.160 € etxekook natura suntzitzeko. Sakanako baso zelai, ibai-errekak are gehiago kaltetzeko. Gure inguruan geldlituko ez den tren bat ordaintzeko, gelditzen direnak kentzen dituzten bitartean. Zarata izugarria jasateko. Eleltromagnetismo izugarriaren pean bizitzeko. Zabortegi berriak sortzeko. Termika gehiago eraikitzeko. Gutxi batzuek Madrilera 30-40 minutu lehenago iristeko.Gutxi batzuek beren poltsikoak ongi baino hobeki betetzeko. Garraio arazoak bere horretan jarraitzeko. Beroketa globala eta aldaketa klimatikoa bizkortzeko. Kapitalismo basatian sakontzeko, pobre gehiago pobreagoak eta aberats gutxiago aberatsagoak izateko.Eta bitartean, gure politikariak ixilpean proiektua babesten edo ezer egin gabe ixil-ixilik egoneran. Noiz arte? AHT muturrean dugula ikusi arte?