Badirudi jendeak ez dugula enteratu nahi; guda batetan murgilduta gaude. Arazoa bakarra da, inork ez dakiela zein den gure etsaia. Honela, Nafarroako politikariek, UPN eta PSNkoak zehazki, hegazkinekin entrenamenduak egiten jarraitzea ezinbestekoa zaigula jakin arazi digute. Bardeetako lur eremuan, guda entrenamenduak eta tiro poligono ilegal batetan, gudan murgilduta gaudelako.Espainiar estatuko aurrekontu orokorretatik honako diru laguntzak igorriko zaizkie Bardeen jabetza duten herriei; lehenengo 10 urteetan 8 milioi euro urtero eta 16 milioi bigarren hamarkadako urte bakoitzean. Eta dena, gudan murgilduta gaudelako.Estatu Espainiarreko Defentsak, Bardeak, bonbak eta zabor ezberdina uzteko behar ditu. Nafarroako Erriberak, bere herriek eta bizi lagunek, gudan murgilduta egoteak dituen ezerosotasun, arrisku, kontaminazio eta balizko istripuak pairatzen jarraitu beharko dituzte.Nafarroa, bere biztanleak oro har, ikusle moduan jarraitzen ditugu Gayarre (Bardeetako Juntaren lehendakaria) eta gerra ministroa den Carme Chaconen negoziaketak. Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako telebisten, irratien eta komunikabide nagusien posizioa argia da; ondo ikusten da Bardeak Parke Naturala eta Biosferako erreserba izaten jarraitzea, Tiro Poligonoa izanik bardeetako ekosistemaren elementu ezinbesteko. Normala da, gudan murgilduta gaude eta askok, Estatuaren interes orokorrak zeintzuk diren jakin gabe jarraitzen dugu.Espainiar estatuko entrepresa armamentistikoen administrazio kontseiluetan, gudak ematen dituen mozkinen banaketaz hitz egiten da soilik, eremu honetan lanpostuen igoera ematea posible izanik. Espainiako Defentsari lotuta dauden enpresetan krisiak ez du kabidarik, alderantziz. Ondo etorri daiteke krisi orokorra, beti ere nazioartean gatazka armatuen igoera suposatu dezakeelako.Espainiako Defentsak kontratatuak dituen enpresek gerraren gestioan dute negozioa eraikita eta etorkizuneko gudetan dituzte mozkinak handitzeko ikusmirak. Honengatik guztiagatik ezinbestekoa zaie Bardeetan guda hegazkinak entrenatzen jarraitzea eta gerrate ezberdinetan erabiliak izango diren armen trebakuntza burutzea.Gure seme alabak, generazio berriak, datozen 20 edota 30 urteetan bere herrien gainetik pasatzerakoak gerra hegazkinek sortzen duten soinuarekin batera altxatuko dira goizean, eromen hau gelditzen ez badugu behintzat. Eta oraindik orain etsaia non dagoen galdetzen jarraituko dute.Sobera arrazoi ditugu Tiro Poligonoaren kontra mobilizatzen jarraitzeko, baina gerra hegazkinik izango ez duen Bardeen Parke Naturalaren aldeko gure esfortzua bikoiztea ezinbestekoa dugu orain. Kontratu berriaren zifrak negoziatzen ari dituztelako, euroak bonben truke aldatzen ari dituztelako. Hau dela eta, datorren abenduaren 14ean Tutera zeharkatuko duen manifestaldirako gonbita luzatzen dizuet. Nafarroak erabaki du, Tiro Poligonorik ez!