Bisita

Aizpea Euskara Taldea 2008ko abe. 12a, 00:00

Abenduaren 3a, Xabierko Frantzisko Deunaren eguna, festa eguna Nafarroan eta Euskararen Nazioarteko Eguna. Ospakizun egun betea. Era guztietako ospakizunen zama batere protestarik gabe onartzeko gai bihurtu den eguna. Azkeneko urte hauetan bezala, hitzordua txintxo betez (txintxoenak antolatzaileak iristerako txintxo demonio ziren kiroldegiko ate aurrean) arratsaldeko 5:30erako lepo egina zegoen Irurtzungo kiroldegia huts egiten ez duten Pirritx eta Porrotxen ikuskizun berriarekin gozatzeko. Haurrak, oholtza aurrean, lurrean eserita, prest, txintxo baino txintxoago. Kiroldegia, lepo. Argiz eta kolorez bete da eszenatokia   eta pailazoekin batera piratak, mapak, altxorrak... Mundu liluragarria. Haurrak zoratzen eta gurasoak antzeratsu.  Bat-batean, ordea, ezustekoa oholtzan: Argiñe. Txaloak, poza eta harridura. Haur gehienek ezagutzen dute.  Datorren urteko Oinez Etxarrin izango dela gogoratzera datorkigu. Umetxoek  badakite.  Beste zerbaiten berri ere eman digute eszenatokitik: datorrena Korrika urtea ere izango da. Lekukoa agertzeaz bat kiroldegia  "Korrika, Korrika" oihuz bete da. Txikienei arrotza zaie garrasia, baina ikasiko dute. Ohartu dira piraten altxor preziatua baino are maitagarriagoa dela euskara. Ondo baino hobeki zainduko dute. Ez dute, ez, mapa lapurren eskuetan erortzen utziko alajaina.Bukatu da ikuskizuna eta musuen eta argazkien txanda iritsi. Haur bakoitzak bere  kuttunena aukeratu du, musua jaso, malkoren bat isuri... Une ahantzi ezinak argazkiak hilezkortu ditu. Argiñeren bi aldeetara bi haur batera: asiar odolekoa bata; afrikar jatorrikoa, bestea. Biak euskaldunak.  Bada lekukoa hartuko duenik. Haurrak diren bitartean (jatorriak ez dio axola)  euskararen etorkizunaren sustraiak  ondo errotuko dira. Urtero berritzen dira, gainera. Lekukoari tinko eta harro helduko diote.  Helduok haur bihurtuko bagina...