Berehala gure artean egonen zaren egun hori ailegatuko da eta badakit urte sasoi honetan lanez lepo ibiliko zarela, baina zenbait gauza eskatzeko ausardia bildu dudan momentu honetan, zuri hitz batzuk idaztea erabaki dut.2007ko urrian hasi nintzen Altsasuko Gazte-Txokoko dinamizatzaile eta geroztik milaka istorio bizi izan ditut herriko gazteriarekin batera. Denborarekin zerbitzua indarra hartzen joan da, baina hasieratik bere gabeziak nabarmenki agerian ikus daitezke (ikusi nahi duenarentzat behintzat!). Trabak besterik ez zaizkio jartzen zerbitzu honi, eta gazteriak udalaren eskutik jasotzen duen erantzun bakarra axolagabetasuna da. Ikusten dudanez, haiek gazte-txokoari herrian toki bat aurkitzearekin, beren lana bete dutela uste dute. Baina, Olentzero jauna, gazte txokoa egoteko toki bat baino gehiago da!!!Hainbat balore bultzatzen dira bertan, neska eta mutilen arteko berdintasuna eta ekitaldi sozialetan eta kulturaletan parte hartzea, besteak beste. Gazte Txoko batek denbora libreko alternatiba eskaini beharko luke, nor arduratzen da horretaz???Tristea da herriak horren garrantzia ez ikustea; guztiz ulergarria, udalak zerbitzu horren aldeko apustu seriorik egin ez badu. Horregatik, eta gure gazte txokoak duintasunez bidean aurrera jarrai dezan, gazte, guraso elkarte, irakasle, azken finean, ardura politikoaren laguntza eta jarraipena eskatzen dizkizut. Gauza gehiago eskatuko nizkizuke, baita ikatza ere zenbaitentzat, baina ez dut zure zakua gehiegi bete nahi. Behin betikoz, udala bere hanka sartzeaz jabetuko dela espero dut eta konpondu ere konponduko dutelakoan... ZURE TXANDA DA OLENTZERO!