INDUSTRIALDEA? BAI, BAINA EZ NOLANAHI

J.J. Agirre eta A. Salinas 2008ko abe. 19a, 00:00

POLIGONO INDUSTRIAL BAT ERAIKITZEA ERABAKI POTOLOA DA. Arreta handiz, alderdi askori erreparatuz eta hausnarketa lasaia lagun egin behar litzateke, herriko eragilerik gehienen parte hartzea ahalbidetuz, era berean, herritarron bizimoduan aldaketa handiak eragin baititzake industrialdea eraikitzeak, onerako edo txarrerako.Baina ez dugu hori ikusi Altsasu-Urdiain industrialdearen kasuan. Inondik ere.Ez dago industrialdearen planifikaziorik; urbanizazio aurreikuspen erraldoia besterik ez.Ez dago erakarri nahi diren enpresen proposamenik (Roig kontseilaria Logistikaz aritu zen).Ez dago Altsasuko edo inguruko enpresen hedapen beharren azterketarik.Ez dago Altsasun dauden poligonoen diru sarrera-irteeren balantzerik.Ez zaie erreparatzen beste esparru ekonomikoen garapen aukerei edo beharrei. IZAN ERE, JENDE ETA UDAL ORDEZKARI ASKOK USTE DUENAREN KONTRA, poligonoek, oro har, diru sarrera txikiak uzten dizkiete udalei, ez bada enpresa benetan handia dagoela bertan, edota txikizio nabarmenak eragiten dituena, bestela; Cementos-en kasua izan liteke hori, adibidez. Areago, langile autonomo askok (arkitektoek, abokatuek, ingeniariek, albaitariek, eta abarrek...) zenbait enpresek baino zerga gehiago ordaintzen dute urtero. Datu horiek publikoak dira eta tokian tokiko udaletan daude, edonoren eskura.BADIRA UDALARENTZAT DEFIZITARIOAK DIREN POLIGONOAK ERE, asko eta asko, udalaren lepo egin ohi baita industrialdeetako argiteria, estolderia edota galtzadak zaintzea. Ez da urrun joan beharrik hori ikusteko.LANPOSTUAK DIRA INDUSTRIALDEEN ONURA posible garrantzitsuena. Posiblea diogu, batzuetan oso lanpostu gutxi sortzen direlako poligonoetan, logistikara bideratutakoetan gertatzen den bezala. Horren adibide "bikainak" dauzkagu etxean, Altsasuko mugetatik irten gabe.Bada gure herrian, negozio handia egin arren, lur azalera zabala hartu arren, eta kutsadura handia eragin arren oso lanpostu gutxi sortu duen enpresarik.Zein da horrelako negozioen onura herriarentzat?INDUSTRIALDEA BEHARREZKOA DA, baina ondo planifikatutako eta neurtutako industrialdea. Ez edozein eta edonolakoa, are gutxiago kanpokoek, UPNren gobernuak oraingoan, kudeatuko dutena.Gu ez gara adituak. Ez dugu hain garrantzi handia duen erabaki bat hartzeko besteko prestakuntzarik, gaitasunik, ez ausardiarik (edo ausarkeriarik); baina argi ikusi dugu era berean, Altsasuko udalean aurreikuspenik gabeko eta animaleko industrialde baten alde egiten dutenek ez dutela geuk baino prestakuntza edo gaitasun handiagorik. Inolaz ere. HOBE GENUKE HERRITARROK GURE HERRIEN ETORKIZUNAZ GEHIAGO ARDURATU, erabaki benetan garrantzitsuak gizon-emakume talde txiki baten mende utzi gabe.Urdiain-Altsasuko industrialde horrek herritarron beharrei erantzuten die? Edo talde batzuen eta zenbait lagunen interes partidista eta ekonomikoei?Hori ere aztertu behar litzateke, beharbada.