D. Goleman-ek Inteligencia emocional bere liburuan,baikortasunari buruz zera dio: bizitzan gauzak ondo joango direnaren aurreikuspen egonkor eta finko batean duela bere oinarria, oztopo eta frustrazioen gaindik.Baikortasunak apatia, depresio eta desesperazioan erortzea saihesten duen jarrera sendoa dugu.Baikortasuna norberarengan eta norbere ahalmenen auto-estima eta fede sendoetan datza. Zer edo zer nahi ez bezala ateratzean, kexu eta negarretan erori beharrean, zerbait hobea dugula espero behar dugu. Zenbait estrategia martxan jarri behar dira, egoera jakin bati modu ezberdinetan aurre egiteko eta indarrak geure helburu horretara ahalbideratzeko. Hori guztia egin beharko genuke, zorte txarra edo ahalmen gabezi jakin bat dugula pentsatu beharrean.Izan nuen irakasle batek zioen porrot egiteari beldur ez dionak gehiago lortzen duela, porroten ordez esperientziak ikusten dituelako.Gaizki egitearen beldurrez ezer egin gabe gelditzen bagara, bizitza gainetik pasako zaigu. Bizitzaren ikusle xume bihurturik, ez gara ezertan arriskatuko, ez dugu biderik erratuko, ez eta zuzentzeko ahalbiderik, erabat paralizatuta, hilik bizitzea bezala izango litzateke.Bada jendea dioena bizitzan helburuak edukitzea eta amestea adinarekin sendatzen den gauza dela. Hala balitz, errutinan eroritako pertsona grisak izango ginateke, bizi pasio eta alaitasuna itzaliz, haren ordez etsipenak luke bere lekua.Ez da zorte ona edo txarrez aritzearen kontua, lasai zaitez eta pentsa ezazu oraindik bete gabe duzun amets batean, hausnartu ezazu une batez zer behar duzun amets hori martxan jartzeko eta jo aurrera. Horrela saihestuko dugu ametsen erresuma gizakien amets ezagatik hiltzea, Michael Ende-ren "La historia interminable" filmean gertatzen den moduan .Ausart zaitez amestera!