Abenduaren 10ean egun berezi bat dugu. Duela 60 urte -1948an- agertu zen, Nazio Batuen Erakundeak sorturik, Giza Eskubideen dokumentua. Ordutik gaur egunera 60 urte igaro dira, baina paper eta hitzetan joan direnak.Giza eskubideak aldarrikatzen diren egun horrek aldaketa sakon bat eskatzen digu, gure arteko harremanetan batez ere.Eskubide horietatik bizitza errespetatzearena da garrantzitsuena, eta hori modu desberdinetan adierazten dugu.Gure estatutik atera gabe, 2008. urtean (eta oraindik ez diogu bukaera eman), hirurogei emakume hil dira gizonen indarkeriak eraginda; edo hobe esanda, erail egin dituzte.Modu desberdinetan, baina, beti arazoa bera da: bestearen kontrako grina, gorrotoa.Baina, zer du buruan pertsona batek beste bat erailtzen duenean?Hiltzaileak badaki harrapatzen baldin badute, urte mordoxka bat pasa beharko dituela espetxean. Espetxeetako egoera ikusita, zer biziko du han dagoen bitartean? Ez dut sinisten ezer onik lortuko duenik, ez. Inork ez du denbora askorik emango hiltzailearen nortasuna aztertzen edo eta aurrerantzean egin beharrekoak adierazten.Espetxeetako sistemak ez du ezer lortzen, barruan daudenen bizitzak desegitea baizik. Horrexegatik, espetxeetatik ateratzen direnean, leku madarikatu hauetan sartu aurretik zituzten jokaerak errepikatzeko ez dute zailtasunik edukiko. Beste era batera jokatzeko ez dute ezer ikasi eta.Zer edo zer egin beharko da jokaera hauek murrizten joan daitezen. Heziketaren arloan giza baloreetan geroz eta gehiago oinarritutakoa izan beharko da zerbait lortu nahi izanez gero, bestela jai dugu.Adibide moduan: zenbat eta zenbat bikote, ezkondurik egon hala ez, bizi dira mendekotasunaren pean? Zenbat eta zenbat bikote bizi dira harreman menperatzaileen pean? Zenbat eta zenbat aldiz entzuten dugu "ez dit uzten hau edo bestea egiten"? Horrek guztiak irauten duen bitartean ez dugu aurrera egingo.